A. G.

Gabonak lasai pasatzeko azterketa zaila Andorran

Andorratik argazki kamerak eta halakoak ekartzeari buruzko txantxak beste baterako utzi beharko ditu Retabet Bilbao Basketek, eta gaur arratsaldeko partidako garaipena ekartzeko lanean zentratu. Gabon jai lasaiak izateko, azterketa gogorra dute bilbotarrek 19.00etan.

Andorratik argazki kamerak eta halakoak ekartzeari buruzko txantxak beste baterako utzi beharko ditu Retabet Bilbao Basketek, eta gaur arratsaldeko partidako garaipena ekartzeko lanean zentratu. Gabon jai lasaiak izateko, azterketa gogorra dute bilbotarrek 19.00etan.

Partizan, Estudiantes eta Lokomotiv Kubanen aurka erakutsitako hobekuntza berretsi beharko dute beltzezko gizonek. Zorte apur batekin, Jonathan Tabu antolatzailea ere kantxan izango du Veljko Mrsicek zuzentzen duen taldeak. «[Tabuk] Taldearekin bidaiatuko du. Oraindik ezin izan du entrenamendu bakar bat goitik behera osatu, baina lanean jarraituko dugu partidan lagun diezagun», esan zuen Mrsicek atzoko entrenamendu saio osteko adierazpenetan. Ezagun da Pere Tomas ere jokatzeko prest izanen dela, joan den asteazkenean minutu batzuk izan ondoren.

Aitzitik, Lucio Redivo ez da Andorran izango. Lokomotiv Kubanen aurka jaso zuen kolpe baten erruz, hagin bat apurtu zitzaion eskolta argentinarrari, eta tratamendu analgesikoa eta anti-inflamatorioa jaso arren, minez jarraitzen du. Hala, hagina lehenbailehen ateratzea deliberatu zuten bilbotarren taldean eta, beraz, ezingo du Redivok gaur arratsaldeko neurketan parte hartu.

Eurocupetik at

Ez dute antzekotasun handirik Bilbao Basketek eta Morabanc Andorrak, ez bada biak ala biak Eurocupetik at geratu direla. Kito, hala ere, bien arteko antzekotasunak, batik bat bilbotarrek etxean egundoko ahultasuna erakutsi duten bitartean Joan Peñarroyaren mutilak etxean direlako arriskutsuen.

«Play offak jokatzeko egindako taldea da; antolatzaile onak eta pibot handiak dituena. Iragan igandean Baskoniaren aurka jabetza bakarragatik –94-97– galdu zuten, baina nik uste errazagoa dela Andorraren aurka jokatzea Estudiantesen aurka baino. Hauek kanpotik jaurtitzen duten pibot bereziak dituzte eta Andorrak ohikoagoak ditu», esan zuen Mrsicek.

Lokomotiv Kubanen aurka galdu arren, kroaziarrak itxura ona hartzen dio bere taldeari. «25 bat minututan lan ona egin genuen eta taldea gorantz doala ikusten dut. Irabazteko aukerak ikusten dizkiot», baieztatu zuen azkenean.