NAIZ
GASTEIZ

2020an 25 urtetik beherako guztiak euskaldun eleanitz izan daitezen nahi du EH Bilduk

EH Bilduk legez besteko proposamen bat erregistratu du Gasteizko Legebiltzarrean, 2020. urtean 25 urtetik beherako herritar guztiak euskaldun eleanitzak izateko helburuarekin. Lakuaren Euskararen Agenda Estrategikoarekin kritiko agertu da koalizioa.

Rebeka Ubera legebiltzarkide abertzalea. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Rebeka Ubera legebiltzarkide abertzalea. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Euskararen Agenda Estrategikoa zuzentzeko ekimen desberdinak abiatuko dituztela azaldu du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak. «Ezinbestekoa da agendaren helburu nagusia zuzentzea, EAEko eragile guztiekin elkarlanean diagnostiko partekatu baten oinarrituta», esan du.

Horrela, Uberak adierazi du EH Bildurentzat «posible» dela 2020an «25 urtetik beherako guztiak euskaldun eleanitzak izatea, eta ez soilik Jaurlaritzak esaten duen %75». Helburu hori lortzeko Uberak bi oinarri aipatu ditu: «herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko ekosistema sortzea eta euskara zeharlerro izatetik politiken erdigunean kokatzea».

Azken finean, EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, gakoa da «Basque Country marka folkloriko huts ez bilakatze aldera, euskara lehenestea bi hizkuntza ofizialen artean, hain zuzen, horrela soilik lortuko baitu praktikan gaztelaniak duen estatus bera».

EH Bilduk salatu duenez, Euskararen Agenda Estrategikoak «ekimen komunikatibotik larregi du». «Ez dago diagnostiko partekatu baten oinarrituta, egiten diren irakurketak azalekoak dira eta boluntarismoa da nagusi. Herri helburu adostutik gutxi du, ez baitu herriko eragile ezberdinekin adostu. Aurkeztu digutena EAJ eta PSEren gobernuaren helburua da soilik».

Lau puntu

Modu honetan, Legebiltzarrean aurkeztutako legez besteko proposamenaren testuak lau puntu jaso ditu, eskaera zehatzekin. Lehenik, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailari eskatu dio Euskararen Agenda Estrategikoa zuzendu dezala EAEko euskararen arloko eragile guztiekin egindako diagnostiko partekatuan oinarrituta, gaur egungo Etxebizitza eta Biztanleriaren Zentsua (2011) eta eremu soziolinguistikoan errealitatea kontuan izanda.

Bigarrenik, Gobernuari galdegin dio «herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko ekosistema» sortu eta elikatzeko politika zehatzak abian jarri ditzala eta indarrean daudenak indartu ditzala, euskara zeharlerro izatetik, politiken erdigunean kokatuz.

Hirugarrenik, EAEko Toki Erakundeari buruzko Legeak euskarari dagokionez araututakoa indarrean jarri ahal izateko egitasmoa egin dezala eta Euskararen Agenda Estrategikoan txerta dezala eskatu dio Lakuako Gobernuari.

Azkenik, «euskara hizkuntza gutxitua mundu globalizatu honetan etengabe hizkuntza hegemonikoekin interakzioan izanik, euskara berariazko hizkuntza gisa» lehenesteko eskatu dio, «egiazki hizkuntza ofizialaren estatusa izan eta garatu dezan, elebitasun erreala lortzeko, herritar euskaldun eleanitzez osaturiko gizartea erdiesteko».