@gara_miantzi
OIARTZUN

Urte berriari ekiteko indarra, «preso bat bere gertukoena baita, baina gurea ere bai»

«Mugi gaitezen ezin da egon zai/ preso bat baita bere gertukoena ai/ gertukoena baina gurea ere bai», kantatu du Beñat Gaztelumendik Etxeratek antolatutako Oiartzungo bertso saioaren azken agurrean. Ildo beretik lagun izan dituen Maialen Lujanbio txapelduna, finalistak eta Alaia Martin herritarra ere, ezin gusturago kantatu arren, jaialdi hau azkena izan dadin itxaropenez. Aurtengoan bai.

Etxeratek antolatu du Oiartzungo bertso saioa. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Etxeratek antolatu du Oiartzungo bertso saioa. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Amaia Agirre gai-jartzaileak iaz kartzelatik ateratako Xabier Aranburu ‘Xomorro’ izan du lagun Sustrai Colina eta Aitor Sarriegiri lehen gaia jartzean. Kartulina bana eman diete bi bertsolariei, 2 eta 5 zenbakiekin. 2 eta 5, 25 urte, Xabierrek itzalean pasatako denbora. 5 eta 2, kartzelatik atera zenean Xabierrek zeukan adina.

Hurrengo ariketan, Igor Elortza eta Aitor Mendiluze motxilak eskuetan jarri ditu Ize Andueza Zubimendi motxiladun haurretako batek, asteburu honetan bidaia egin berri. «Kartzela zortzi hizkiz osatutako hizki pisutsua da. Lagunak jolasean ari diren bitartean errepideko marra zuriak kontatzen jostatzen gara. Baina gure motxilak ametsez beteta daude. Heldu da motxilak airera botatzeko unea. Gure etorkizunean gurasoak etxean imajinatzen ditugu. Gure bila etorriko direla eskolara. Aitor eta Igor, zuek ere badituzue seme-alabak, ulertzen gaituzue, lagunduko diguzue ametsak aireratzen?», horixe zuten gaia. «Haurrek duten onena erraz jakitea/ ez dizute uzten ahazten amets egitea», abestu du durangarrak.

Baina gai guztiak ez dira izan kartzelarekin lotutakoak eta irri galantak ere egin dituzte Elorsoro pilotalekua bete duten senide, lagun eta herritarrek. Horren adibide, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi eta Amets Arzallusen lana, Oiartzungo bertso eskolako hiru mutil koxkorrek, Lur, Aitz eta Unaxek jarritako puntuei erantzunez osatua. Aitzek hala bota dio Mendiluzeri: «Ez jarri hain serio askatu melena», eta publikoa irribarrez zela, Aitorrek: «Kontua da aspaldi askatu nuela/ behin behar ta eman nion askatasun dena/ ta ihesi joatea horren ondorena». Saioaren protagonistetako bat izan da Mendiluzeren melena, Amets Arzallusen bizarrarekin eta Igor Elortzaren eta Alaia Martinen dotoreziarekin batera.

Bi orduko saio ederraren ondotik, hala agurtu da Lujanbio txapelduna: «Preso zaudena ta joan- etorri zabiltzan familiarra/ hobea eraikiko al degu gaurkoa baino biharra/ ausartzen badira alderdiak ta herriak badu indarra/ hegoak utzi ta hor daukagu iparraldean iparra».