NAIZ

Oscar Lopez Riverak, Puerto Ricoko buruzagi independentistak, babesa adierazi die euskal presoei

Oscar Lopez Rivera Puerto Ricoko buruzagi independentistak euskal preso politikoak kaleratzeko eskatu du igorritako bideo batean. Lopez Rivera oso ekintzaile ezaguna da eta 36 urte eman ditu AEBtako kartzeletan.

Puerto Ricoko buruzagi independentista den Oscar Lopez Riverak bideoa helarazi du, euskal preso politikoei babesa adieraziz. AEBetan 36 urte eman ditu preso eta kartzela, urruntzea eta bakartzea ezagutu ditu Puerto Ricoren independentziaren aldeko borrokan jarduteagatik.

2017ko maiatzean berreskuratu zuen askatasuna. «Nire babes osoa eta elkartasuna adierazi nahi diet euskal preso politiko guztiei», adierazi du. «Onena opa diet, indar handia».

Zentzu horretan, «guztiak onik eta osasuntsu» espetxetik irteteko desira agertu du. «Ohore osoz eta duintasunez irten daitezela». Era berean, «borrokarako eta erresistentziarako espiritu indartuaz» kalera irten daitezen eskatu die. «Beti aurrera eta garaipenera arte. Lortu daiteke», azpimarratu du.