NAIZ
DONOSTIA

Bi euskal presoren alaba jaio da Picassent-en; aitak astean bitan ikusiko du

Sarek atzo jakinarazi zuenez, joan den asteko asteazkenean Ilargi jaio zen, Idoia Mendizabal Mujika eta Jon Gonzalez Gonzalez euskal presoen alaba. Valentziako Ospitale Nagusian erditu zen ama eta haurra berarekin biziko da bertako Picassent-eko kartzelan. Aita espetxe bereko beste modulu batean dago, eta astean bi aldiz dute hirurek elkar ikusteko aukera, aldi bakoitzeko 40 minutuz.

Honekin, lau dira beren amarekin kartzelatuta dauden euskal presoen seme-alabak; Xua, Haritz eta Izar ziren aurretik. «Ume hauek kartzelan bizitzera behartzen dituena euren gurasoak luzaroan espetxean mantentzeko bereziki sorturiko salbuespen legeria da», ekarri du gogora Sarek.

«Heldu da egoera honekin amaitzeko garaia –erantsi du–. Eta horretarako, gure seme-alaben aita/amari ere beste edozein presori eskaintzen zaizkien kartzela onurak lehenbailehen aplikatzen hastea aldarrikatu nahi dugu». Legedi arrunta aplikatzea egoera hori konpontzeko guztiz baliagarria izango litzatekeela nabarmendu du Sarek.