NAIZ

Hezkuntzako grebak mantenduko dituzte sindikatuek Lakuaren «arduragabekeria» dela-eta

ELA, LAB eta Steilas sindikatuak Lakuarekin bildu dira irakaskuntza publikoaren inguruko negoziazio mahaian. Lakuak ez duela «proposamen berririk» eraman adierazi dute sindikatuek, eta «arduragabekeria» salatuta, zortzi egunetako greba egutegia mantenduko dutela iragarri dute.

Donostian, hezkuntza publikoaren alde egindako mobilizazioa. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Donostian, hezkuntza publikoaren alde egindako mobilizazioa. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Sindikatuek hezkuntzan iragarritako zortzi egunetako greba egutegia mantendu eta abian jarriko dute. Hala jakinarazi dute ELA, LAB eta Steilasek ohar baten bitartez. Gaur Lakuarekin bildu dira irakaskuntza publikoaren inguruan negoziatzeko eta Gasteizko Gobernua «esku hutsik» eta «proposamen berririk gabe» agertu dela adierazi dute.

Lakuaren «arduragabekeria» salatu dute sindikatuek. «Enpleguari dagokionez, aurreko mahaietan egindako proposamen berbera mantendu du», azpimarratu dute. Sindikatuek behin-behinekotasuna %6ra jaistea proposatzen badute, Lakuak %30,5ean mantendu nahi du.

ELA, LAB eta Steilasek, bestetik, ikasle ratioei aurre egiteko 1.800 lanpostu gehiago behar direla aldarrikatzen dute, Lakuak 60 proposatzen dituen bitartean. Era berean, ordezkapenen harira, hauek, maila guztietan, lehen egunetik martxan jartzea proposatzen dute. Lakuak, aldiz, Lehen Hezkuntzan lehen egunetik eta Bigarren Hezkuntzan hirugarrenetik egitea mantentzen du. Era berean, «gaixotasun bajak zigortzeari uzteko» eskatu dute sindikatuek.

Sindikatuen iritziz, Lakuak proposamen berririk ez izatea «arduragabekeri politiko larria» da. Hurrengo bilera otsailaren 14ean egingo dute eta ordurako «aldaketa esanguratsuak egon ezean», greba deialdiak mantenduko dituztela baieztatu dute.

Lakuak «positibotzat» jo du bilera

Lakuako Hezkuntza sailburu Olatz Garamendik «positibotzat» definitu du gaurko bilera. Akordiorik gabe amaitu arren, lan egutegi bat finkatu izana goraipatu du «negoziazioan aurrera egiteko». Bestetik, «lan gatazka ikasgeletatik ateratzea» eskatu du, «ikastetxeek haien aktibitatearekin jarrai dezaten».  

Adierazi duenez, Lakuak «oso garrantzitsutzat» hartu ditu sindikatuen proposamentak. Greba deialdien aurrean, aldiz, «negoziatzeko modua mahaiak» direla gehitu du.