NAIZ
DONOSTIA

Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katea iragarri du Gure Esku Dagok ekainaren 10erako

Giza kate berri bat iragarri du Gure Esku Dago mugimenduak. Datorren ekainaren 10ean izango da eta Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu. 2014ko giza katearekin alderatuta 75km gehiago lotu beharko dituzte «Euskal Herrian inoiz egin den mobilizaziorik jendetsuena» gauzatzeko.

Sortu zenetik, 180 herritan antolatu ditu herri galdeketak erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku Dago mugimenduak; 177.000 pertsona baino gehiagok erabaki dute ordutik. Zentzu horretan, etorkizunera begira ekimen ezagun bat aurkeztu du mugimenduak Donostian.

«Euskal Herrian inoiz egin den mobilizaziorik handiena, potenteena, jendetsuena» izango da datorren ekainaren 10erako antolatu dutena, Zuriñe Hidalgo eta Jon Gomez aurkezpen ekitaldiaren aurkezleen arabera. Giza kate berri bat iragarri du mugimenduak, Donostia, Bilbo eta Iruñea batuko dituena.

2014an Durango eta Iruñea lotu zituenarekin alderatuta, 75km gehiago (201,9km orotara) izango ditu datorren ekainaren 10ekoak. Donostiako itsasertzean hasiko da katea, eta Arabako hiriburuaren lautadan amaitu; zehazki, Gasteizko Legebiltzarraren parean amaituko da. Bada 2014koarekin alderatuta beste ezberdintasun bat: jende gehien bizi den eremuetan egingo da ekimena.

Datorren astetik aurrera ekingo diote maila lokalean giza katea antolatzeari. Batetik, Herri Ituna osatuko duten 2019 arrazoi bildu nahi ditu mugimenduak; bestetik, erabakitzeko arrazoi hauek biltzen hasteko mahai inguruak antolatzeari ekingo diote. Guztia giza kateari eta 2019ari begira, helburua 2019an erabaki ahal izatea baitu mugimenduak.

Antolatzaileak hasi dira jada mobilizazioaren inguruko xehetasunak ematen. Zapi bat izango du giza katean parte hartuko duen bakoitzak, eta bertan idatziko du erabakitzeko eskubidearen alde egoteko bere arrazoia. Ekimenean parte hartzeko, baina, izena eman beharko da lehendabizi, bost euroren truke.

Aurkezpen ekitaldi animatua

Musika, dantza eta poesiak lagunduta, Donostiako Eureka zientzia museoan elkartu dira, lehenengoz, giza kateko kilometro bakoitzeko arduradun guztiak. «Bost urtean egin, ikasi eta lortu dugun guztiaren emaitza izango da ekainaren 10a, eta herritarron erabakitzeko arrazoiak erakundeetara bideratuko ditugu», azaldu du Anjel Oiarbide GEDen bozeramaileak.

Azpimarratu du mugimenduaren erronka Euskal Herriko hiriburuak batzea dela eta espero dutela horretarako aukera izatea gainerako lurraldeetan ere, etorkizun hurbilean: «GED Euskal Herri osoan eragiteko jaio zen eta horretan jarraituko dugu, baita Nafarroa Garaian, Baxenafarroan, Lapurdin eta Zuberoan ere».