Ion SALGADO
GASTEIZ

Larrabetzun izango da martxoaren 18an aurtengo Independentista Eguna

Independentistak sareak iragarri duenez, «hausnarketa politikoa, aldarrikapena eta jai giroa uztartuz, burujabetza izango da eguneko gai nagusia». Herritar batzorde batek egun hori aprobetxatu nahi du Udalbatzak Larrabetzu udalerri independentista aldarrikatzeko.

Larrabetzun ospatuko da martxoaren 18an aurtengo Independentzia Eguna. «Egun osoko egitaraua izango da eta hausnarketa politikoa, aldarrikapena eta jai giroa uztartuz, burujabetza izango da eguneko gai nagusia», nabarmendu du Independentistak sareak.

Ohar batean azaldu duenez, Euskal Estatuaren inguruan hausnarketa sakon eta konpartitua egiteko ordua iritsi da: «Behar dugun estatu demokratiko eta sozial horren egiturak eztabaidatzen, adosten eta gauzatzen hasi behar dugu».

«Martxoaren 18an Larrabetzun aldarrikatuko dugun Independentzia Egunak horren irudikapena izan gura du. Egunerokoan, Euskal Herri osoan, hainbat arlotan, independenteak bagina legez jarduten dugu, hainbat eredu praktiko ditugu hizkuntzari, kulturari, hezkuntzari, sozioekonomiari, energiari, feminismoari, elikadura burujabetzari edota integrazio kulturalari dagokionez», gaineratzen du.

Sareak dioenez, «independenteak izatea posible dela frogatzen ari gara. Eta posiblea izateaz gain, ezinbestekoa delako aldarrikatu behar dugu aurtengo Independentzia Eguna. Mendebaldeko Europak, AEBek, Frantziak eta Espainiak sustatzen duten turbokapitalismoa suntsitzen ari den guztiari aurre egiteko modu bakarra independentista izatea delako». «Pertsonen oinarrizko eskubideak murrizten, debekatzen, suntsitzen eta kriminalizatzen ari den sistemari aurre egin eta pertsona guztion eskubide indibidual eta kolektiboak bermatuko dituen estatu bat galdatzen dugu. Demokrazian eta justizia sozialean oinarritutako gizartea eraiki gura dugu, herritar guztiok herri libre batean zoriontsu izateko aukera izan dagigun. Euskal Herriak bere etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala erabaki dezan, burujabetza osoa izan behar du».

«Udalerri Independentista»

Independentzia Eguna aprobetxatuz, Independentistak sarearekin lanean ari den herritar batzordeak eskaera bat egin die EH Bildu eta EAJko zinegotziei: Larrabetzu udalerri independentista izendatzea.

Batzordea osatzen duten herritarrak udal taldeekin bildu ziren asteazkenean, baina oraindik ez dute jeltzaleen erantzuna jaso. Dirudienez, denbora behar dute gaia jorratzeko. Zinegotzi guztiak ados egonez gero, Larrabetzuko Udalbatzak adierazpen instituzionala onartu ahalko luke. Aldiz, jeltzaleek alde bozkatzen ez badute, zinegotzi subiranistek mozio bat bozkatu beharko lukete.

Dena den, Larrabetzu udalerri independentista aldarrikatzen badute, aurrerapauso nabarmena izango da. Zentzu honetan, iaz herri galdeketa bat ere egin zen eta parte hartzea %57,9koa izan zen. Horietatik ia guztiek euskal estatu burujabe baten alde bozkatu zuten.