Aiert GOENAGA

Tulipomania

Oparo bizi izan ziren Herbehereetako zenbait tulipomano, 1637ko otsailaren 6an guztiaren akabera ekarriko zuen eztandak bete-betean harrapatu zituen arte. Berrogei urte lehenago herrialdean sartutako lore exotikoen burbuila lehertu berri zen, “tulipanen krisia” izenez ezagutzen dugun fenomeno ekonomikoari bide emanez. Krisi orok bezala, aurretik eraman zituen milaka herritarren ondasunak, eta ondorengo belaunaldiontzat dokumentatuta geratu zen lehen krisietako bat izatearen ohorea du. Badirudi, baina, ikasgaiak ez digula askorako balio izan. Ordutik hona tulipomania erreproduzitzen duten hainbat adibide ditugu: eztanda egin zuten burbuilen kasuan, eraikuntzarena, ferrokarrilarena, rodioarena edo nikelaren gabeziaren ondorioz “Poseidon burbuila” bezala ezagutzen dena. Eta lehenago edo beranduago eztanda egiten bukatuko dutenena; artearen alorrean, txanpon digitalak (ikus bitcoina) zein eliteko kirolean (gurean futbola). Gurean diot bertako taldeak ere futbolaren burbuilaren parte direlako eta gu edonor zorabiatzeko moduko zifrez behar ez genukeen naturaltasunaz hitz egitera ohitu garelako. Errua ez da jokalariena, ezta gutxiago ere (uko egingo zenioke horrelako kontratu bati?). Errua burbuila puzten ari direnena da, eredu neoliberal basati honen joko arauak erabakitzen dituztenena. Publikoaren pribatizazioa eta aldi berean galera pribatuak sozializatzea bultzatzen dutenena. Beti egongo dira prest diru publikoaz futbol zelai berri baten eraikitzeko edo publizitate instituzionala kamisetaren beso gainean sartzearren truke ordaintzeko, eta beti aterako dute mahai gainera inbertsioa justifikatzen duen txostenen bat. Hau nahikoa ez eta Bizkaian esaterako, eliteko futbolarien kasuan Ogasunak egiten duen irakurketari esker dituzten sarreren %50 zergaz libreak dira. 50.000 bazkidek urtero euren poltsikoetatik bina mila euro ipini nahi badituzte hogeita bost lagunek milioi asko irabazteko, ez diet ez egiteko esango. Bakoitzak jakingo du aurreztutako xoxekin zer egin. Baina ez hori ahalbidetu diru publikoaz ospitaleetako itxaron zerrenda amaigabeekin, irakaskuntzako premiak ase gabe, pentsio duinen aldarria kalean den artean, inoiz baino langile pobre gehiago daudenean edo etxebizitzen alokairuak arazo izaten jarraitzen duenean. Ez elikatu tulipomania guztion diruarekin, mesedez.