NAIZ
GASTEIZ

Eskola inklusiboaren aldeko herri ekimen legegilea bultzatzeko sinadura bilketa hasi dute

Zubiak Eraikiz plataformak sinadura bilketa abiatu du Gasteizko Legebiltzarrean eskola inklusiboaren aldeko eta segregazioaren aurkako herri ekimen legegilea eztabaidatu dadin. Hamar mila sinadura behar dituzte eta lau hilabeteko epea dute, gaurtik hasita.

Zubiak Eraikiz plataformako kideek agerraldia egin dute Gasteizko Legebiltzarrean, bere ekimenaren nondik norakoak azaltzeko. EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSEko parlamentariak izan dituzte ondoan, baita Steilas, CCOO eta eskola publikoko gurasoen federazioetako ordezkariak ere. Guztiek babesa eman diote ekimenari.

Gonzalo Larruzeak, Xabi Zubirik eta Elena Arcek azaldu dutenez, joan zen azaroan herri ekimen legegilea erregistratu zuten erakunde horretan, «hezkuntzan ematen den segregazioari aurre egiteko». Hamar mila sinadura bildu behar dituzte, ekimena Parlamentuan eztabaidatu dadin eta horretarako lau hilabeteko epea dute, gaurtik hasita.

Ekimenaren bultzatzaileek www.ilpeskolainklusiboa.eus webgunea jarri dute martxan, sinadurak jaso ahal izateko eta informazio guztia zabaltzeko.

Legegintzako herri-ekimen honetan hezkuntzaren doakotasuna aldarrikatzen dute, ikastetxe publiko nahiz kontzertatuetan, eta hori hala izan dadin Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailari «beharrezkoak diren kontrol-mekanismoak» martxan jar ditzan eskatzen diote. Finantza alorrean gardentasuna bermatzeko ere eskola kontzertatuek jarduera osagarriengatik egingo dituzten kobrantzak onartzeko prozedurak EAEko Buletinean argitaratzea proposatzen dute, gutxienez urtean behin.

Horrekin batera, Inklusio Beharrizanaren Eskola Indizea (IBEI) ezartzea aldarrikatzen du, eskualde eta ikastetxe bakoitzaren arabera. Hala, Administrazioak ezarriko luke gutxiengo eta gehiengo IBEI eta tarte horretan mugitu beharko dira diru publikoez hornitutako ikastetxe guztiak.

Matrikulazio prozesua bateratzea, eskola eremu bakoitzean matrikulazio bulegoak egokituz; hezkuntza-itunak eman edo berritzea eta beste laguntza publiko batzuk lortzea baldintzatuta egotea; eta profil sozioekonomiko baxuena duten eta bazterkeria arriskuan dauden ikasleak dituzten ikastetxe publikoei Hezkuntza Sailak arreta ematea ere jasotzen du herri ekimen legegileak, besteak beste.