Jardunaldi garrantzitsua behar zuen 11. honek eta gauzak bikain atera zaizkio Asperi, bere bi bikoteek garaipen oso garrantzitsuak lortu dituztelako. Altuna-Martija finalerdietatik oso gertu daude zazpigarren puntua eskuratuta eta Ezkurdia-Zabaletak Olaizola II.a-Imaz harrapatu dituzte sailkapenean.
Idiazabalen Igarondo pilotalekua goraino beta da, baina lehiak ez du sortutako ikusmina bete. Izan ere, Altuna III.a-Martijak oso azkar egin dute ihes markagailuan (2-10). Aspekoak txukun aritu dira, euren lana bikain betez, baina Asegarceko bikotea bere mailatik urrun egon da. Aurrean, Mikel Urrutikoetxearengan nabarmena da Zaratamoa ez dela bere unerik gozoenean, pilota indarrik gabe irten zaio eskutik eta tantoa amaitzerakoan ere ez da besteetan bezain fin aritu. Atzean, Untoriak hasiera itxaropentsua izan du, baina berehala erori da, huts asko egin eta gutxi dominatuz. Martijak, bere aldetik, oso partida serioa jokatu du, huts bakarra eginez, ezkerrez airez, eta Urrutikoetxeari aukerako pilotarik utzi gabe. Altuna, ordea, ez dute aurreko partidetan bezainbeste estutu eta askoz erosoago jokatuta, erasoan mina egin du.
Labriteko sarrera ere bikaina izan da eta hemen bai, zaleek aspaldi ez bezala gozatu dute denetarik izan duen partidarekin. Eta hori gauzak oso gaizki jarri zaizkiela Sakanakoei, aitaren batean 10-1 aurreratu baitira Olaizola II.a-Imaz. Aspekoek huts batzuk egin dituzte, baina Goizuetako aurrelaria izan da partidako fase horren protagonista, errematean asko asmatuz.
Hala ere, pixkanaka Zabaletak gora egin du bere jokoan, partida erabat dominatu du eta kostatu zaion arren, Joseba Ezkurdia ere pixkanaka joan da mamuak uxatzen. Partida hamaseina berdindu dute lehen aldiz eta 17-20 ere aurreratu da bikote nafarra. Imaz gero eta nekatuago zegoen arren, Olaizola ez zegoen amore emateko prest eta 21-20 aurreratu dira Asegarcekoak, baina Ezkurdiak azken errematean asmatu eta berebiziko garaipena eskuratu dute.