NAIZ

Askapenak Latinoamerika, Ekialde Hurbila eta Europara doazen brigadak antolatuko ditu aurten

2018an Askapenaren brigadak Latinoamerika, Ekialde Hurbila eta Europara joanen dira, «munduko hegemonia jokatzen ari den hiru eremu geografiko nagusietara». Herritarrei parte hartzeko deia egin diete, «Euskal Herra internazionalismotik eraikitzeko».

«Gure herriaren askatasuna dugu helburu, jakitun baikara hori dela gainontzeko herriei egin diezaiekegun ekarpenik handiena». Hala adierazi du Askapenak ohar baten bidez, zeinetan 2018ko brigaden lehen aurkezpen bat egin duen. Aurten Latinoamerikan, Ekialde Hurbilean eta Europan izanen dira brigadak.

Zonalde hauek, «munduko hegemonia jokatzen ari den hiru eremu geografiko nagusiak» direla iritzi du Askapenak. «Latinoamerikak inperialismoaren eraso bortitza bizi du egun eta herri langileen erresistentzia borrokak, zein prozesu iraultzaileen nolakotasunak ezagutuko ditugu», adierazi dute. Bestetik, Ekialde Hurbilean, «inperialismoaren herri erresistentziak, askapen borrokak, okupazio militarra eta errefuxiatuak» izango dira ardatz. Azkenik, Europan, «ezkerreko mugimenduen errealitate eta borrokak» ezagutuko dituzte.

Hauen bitartez, internazionalismoak Euskal Herriaren «askapen borrokan duen garrantzia» nabarmendu nahi dute. Brigada hauetan lortzen dire irakaspenen balioa azpimarratu dute. Internazionalismoak, era berean, bi norabideetakoa izan behar duela ekarri dute gogora. »Ez goaz turismo politikoa egitera, ezta karitatez lagundu edo irakaspen iraultzailerik ematera».