Gotzon ARANBURU

Euskara lan munduan, oso poliki doan ahalegina

«Indargune» eta «ahulgune» terminoak asko erabiltzen dira euskararen egoeraz aritzean. Badira eremu batzuk non gure hizkuntza osasuntsu ageri den, eta badira arloak non oso egoera kaskarrean dagoen. Lan mundua da azken horietako bat, ez bakarra zoritxarrez. Euskal Herriko hainbat eskualdetan egiten ari dira saioak egoera hori iraultzeko, eta emaitza polita lortzen ere bai, nahiz eta lantokietan euskara normalizatzeko zailtasunak handiak izan.

Oarsoaldea honako lau herri hauek osatzen dute: Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia. Lau udalek euskararen normalizazioaren alde egiten duten lana eskualde mailan diseinatzen da, eskualde mailan koordinatzen da, baina herrietan gauzatzen da. Euskara Sailak helburua garbi du: euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea, batez ere umeen eta gazteen artean. Horretarako, bi multzo horietan eragina duten esparruetan eta haiekin harreman zuzena duten eragileekin ari da da lanean Euskara Saila, alegia, familiak, aisialdia eta ikastetxeak. Horiez gain, helduen alfabetatzea sustatzen eta merkataritza, ostalaritza eta lan mundua euskalduntzen saiatzen da. Bada, azken atal horri erreparatuko diogu.

Ez da gaur goizekoa lan munduan euskara normalizatzeko ahalegina Oarsoaldean. Izan ere, 2003an jarri zen indarrean eskualdean OLA plana, hau da, Oarsoaldeko Lan Mundua Euskalduntzeko Plana. Eskema erraz batekin ezarri zen. Euskara plan bat garatzea erabakitzen duten enpresei diagnostikoa egiten die lehendabizi aholkularitza enpresak (hasiera batean Elhuyar zen eta orain Emun da), eta aholkularitza ordu presentzial batzuk hitzartzen dira. Lehen urteetan udalek aholkularitza gastuen %75 hartzen zituzten euren gain, eta, gainerakoa, enpresek ordaintzen zuten. Horrez gain, bestelako laguntzak ere eskaintzen zitzaizkien, eta zaizkie, enpresei, esate baterako, errotulazioa eta seinalizazioa euskaratzeko laguntzak, edota itzulpen zerbitzua.

Udalen laguntza pixkanaka murrizten joatea zen helburua, enpresek beren prozesuen ardura euren gain har dezaten. Motel, baina udalen pisu hori murrizten joan da. Egun laguntza modua bestelakoa da. Enpresek Lakuako Gobernuaren Lanhitz deialdira aurkezten dituzte euren planak eta gero udalek diru-laguntza hori osatzen diete laguntza publikoaren mugaraino. «Hasieran uste genuen urtez urte enpresa kopuru bat gehitzen joango zitzaiola planari, baina hori ez da batere erregularra izan. Kopuruak oso-oso murritzak izan dira historikoki. Izan dira egitasmoan enpresa bakar bat bera ere sartu ez diren urteak, asko bidean geratu dira edo euren iritziz prozesua bururaino eraman dute… Denetik dago. Garairik onenetan aldi berean 11 enpresa izatera iritsi gara gehienera jota. Azken urteetan nekez sartzen dira enpresa berriak planean, eta sartzen badira, ibilbide laburra egiten dute», esan digu Joxe Luix Agirretxek, Euskara Saileko zuzendariak.

Lehenik, kaptazioa

OLA ezartzeko, lehenik eta behin atzipena edo kaptazioa egiten da. Udaletako ordezkari politiko eta teknikoek, aholkularitza enpresako teknikariekin batera, enpresak bisitatzen dituzte eta lehen bilera baterako hitzordua zehazten da. Aurrera egitea erabakitzen badute, aholkularitza enpresak diagnosia egiten du eta gero plana diseinatzen du enpresako solaskideen partaidetzarekin. Hortik aurrera urteroko kudeaketa plana egiten da; ezinbestekoa da barnean planari jarraipena egingo dion talde heterogeneo bat egotea, «euskara batzordea» deitu ohi dena.

Agirretxek azaldu digunez, eskualdean OLA planean dauden enpresen arteko lotura egitea inportantea da, bakarrik senti ez daitezen eta egitasmo handiago baten parte direla ikus dezaten. «‘Olakaria’ izeneko berripapera igortzen diegu aldian-aldian eta hilero euskararen inguruko jakingarriez osaturiko newsletter moduko bat». Horrez gain, jardunaldiak eta topaketak antolatu ohi dituzte enpresen artean, bai jakintza konpartitzeko bai elkarri animoak emateko.

Beharrik ez sentitzea

Hala eta guztiz ere, zailtasunak hor daude. Jakina da enpresa bakoitza mundu berezi bat dela. Egun dagoen zailtasun objektiborik handiena, oro har, euskararen beharrik ez sentitzea da. Termino ekonomiko hutsetan euskara ez dela errentagarri iruditzen zaie enpresa gehienei. Lan gehigarri bat besterik ez da tamalez, askorentzat, borondate ona izanik ere.

Beste zailtasun nabarmen bat “euskara plana” kontzeptua bera da, paradoxikoki. Adibidez, Oarsoaldeko enpresa gehienak enpresa txikiak dira eta horiei oso handi geratzen zaie “plan” bat abian jartzea. Aski dute interbentzio edota laguntza puntual txiki batzuekin; zerbitzu eskaintza edo menu batekin. Horretan ari dira une honetan Oiartzunen, adibidez, Lanin egitasmoarekin. OLA plana enpresa koskor edo handiei begira sortutako egitasmoa izan zen.

Duela gutxi Josep Maria Canyelles aditu kataluniarra izan da Oarsoaldean. «Enpresen gizarte erantzukizunaz mintzatu zitzaigun. Oso interesgarria izan zen. Enpresek euren inguruarekiko zor bat badutela zioen. Zorra, begirunea… nahi dugun bezala deitu, baina inguruko giza-taldeek enpresari eskakizun batzuk egiteko lanketa da gizarte erantzukizuna. Lantegi bat ez da zer isolatu bat, inguruarekin eta ingurukoekin elkarreraginean dago nahi ala ez», nabarmendu du Agirretxek. Katalunian enpresa arduratsuez hitz egitetik lurralde sozialki arduratsuez hitz egitera pasata daude. Lurraldeak, lurraldekoek finkatzen dituzte funtzionatzeko gutxieneko arauak. Nazio mailan, adibidez, zortzi alor dituzte definituta eta horietako bat bertako hizkuntza eta kulturarekiko betebeharrak dira. Horrek klabe garrantzitsu eta interesantea ematen du; gainerako betebeharrekin batera hizkuntzarekin lotuak ere pack edo sorta berean aurkeztearen ideia. Baina zera gertatzen da: hori lortzeko prozesu bat egin beharra dago eta adostasunak bilatu behar dira. Hortik urrun xamar gaude hemen oraindik, nahiz eta gero eta gehiago diren euskara plan bati edo euskarari nolabait ere sarbidea egin dioten enpresak.

Historikoki, gai honetan eskualde aurreratuena Debagoiena izan da. Antzuolako Elay enpresak, esate baterako, 1990eko hamarkada hasieran jarri zuen martxan euskara plana, eta esan daiteke gaur egun erabat euskaraz lan egiten dutela bertan.

Jakina da lan munduan gaztelaniak duen nagusitasuna, joera normala gaztelaniara (edo frantsesera) jotzea balitz bezala, euskara eskolako kontutzat soilik hartuta. Egia da gazte belaunaldiak euskaraz prestatuta datozela, gero eta gehiago, eta horrek bultza ere egiten du, baina gehienetan alderantzizkoa gertatzen da; euskaraz datorren ikasle edo langile berri gazteak erdal inertziak aurkitzen ditu enpresan eta horietan murgiltzen da hura ere. Lan giroa, lantokietako giroa euskaldundu behar da.

Aginduak euskaraz ematea lortu

Agirretxek nabarmendu duenez, egoera informal eta ludikoetatik abiatuta, lan parteak euskaraz ematera igarotzea lortu behar da. Nagusiek euskaraz lan egiteko agindua eman dezaten lortzen hasi beharra dago. Agian kalitate sistemetan hizkuntza kudeaketa txertatu eta hori auditoretzatan neurtuz behartu lezakete euren burua enpresek. Baina irtenbidea edota interbentzioa poliedrikoa da zalantzarik gabe. Araudietan sartu beharra dago, baina, aldi berean, erabileraren inertziek ere lagundu beharko dute horretan. Inguruko euskaldunen dentsitateak , adibidez, eragin nabarmena duela gauza jakina da.

Lanbide Heziketaren gaia ere aipatu dugu. Esan bezala, gero eta ikasle gehiagok euskaraz egiten dituzte Lanbide Heziketako ikasketak. Aldiz, lantokiko prestakuntzako praktikak gaztelaniaz egiten dituzte gehien-gehienek. Zoriz enpresa edota instruktore euskaldunak egokituz gero, euskaraz egiten dira praktikak, baina, gainerakoan, osoki gaztelaniaz. Horrek aurreko bide guztia guztiz baldintzatzen du, eta hori da errealitatearekin antz handiena duen ikas- keta prozesuaren zatia.

Beharrezkoa iruditu zitzaien Oarsoaldean praktika aldia ere, hiru hilabete horiek, euskaraz izatea. 2009az geroztik Don Bosco Lanbide Heziketako institututik praktika egitera doazen ikasle kopuru baten praktikak euskaraz izan daitezen plana dute martxan. «Enpresa batzuk hautatu eta ikaslea joaterako baldintza egokiak sortzen saiatzen gara; harrera euskaraz egitea, instruktore euskalduna jartzea [ezinbesteko baldintza egitasmoan parte hartzeko], ikaslea mugituko den eremuko seinaleak, instrukzioak eta lanerako idatziak euskaraz ere egotea…». Eredu bat sortu nahi izan dute, metodologia bat, eta orain hori zabaltzea da helburua. Hala ere, gai hau Hezkuntza Sailetik bertatik arautu beharra dagoela uste dute Euskara Sailean, Lanbide Heziketako dekretuan hizkuntza irizpideak txertatuz. Kontua da oso ikasle kopuru txikia dela urtero modu arautuan praktikak euskaraz egitera bidaltzen dutena; hogei bat batez beste. Beste ehuneko batek (gero eta gehiagok, hori ere esan behar da), zoriz izaten dute praktikak euskaraz egiteko aukera.

‘‘Zure enpresan euskara zure esku’’ ideia lehiaketa antolatu dute Oarsoaldean Lanbide Heziketako ikasleentzako, ikasleen artean hausnarketa eragiteko. Nolako enpresatan lan egin nahi duten, enpresa horretan euskarak zein leku izan behar lukeen eta zergatik, eta garrantzitsuena, euskarari sarbidea nola egingo lioketen enpresetan. Ikasleei hilabete batean inplementatzeko moduko ideia bat proposa dezaten eskatu diete.

Enpresa batean euskararen egoera hobetzeko edota euskara presente egiteko interbentzio bat diseinatzea, azken batean. 1.500 euroko saria du lehiaketak eta irabazleak ideia inplementatzeko beste 1.000 euro eskuratuko ditu. Bikoteetan edo hirukoteetan aurkeztu behar dituzte lanak, otsailaren 16rako.