NAIZ

EH Bilduk baliabide gehiago eskatu ditu berdintasun politiketarako

EH Bilduren udal taldeak 34 emendakin aurkeztu dizkio Bilboko Udaleko Emakume eta Gizonen arteko Berdintasun Ordenantzari. Azaldu dutenez, «emakumeen diskriminazioa sustatzen dituzten egiturekin» bukatzeko helburua dute proposamenek.

Alba Fatuarte, EH Bilduko zinegotzia Bilbon. (@ehbildubilbo)
Alba Fatuarte, EH Bilduko zinegotzia Bilbon. (@ehbildubilbo)

EH Bilduk 34 emendakin aurkeztu dizkio Bilboko Udaleko Emakume eta Gizonen arteko Berdintasun Ordenantzari. Alba Fatuarte zinegotziak azaldu duenez, «nahiz eta ordenantza hau ez egon mugimendu feminista eta elkarteen eskakizunen artean, EH Bildutik jauzi kualitatibo bat emateko aukera ikusi dugu. Horretarako 34 emendakin aurkeztu ditugu. Jarrera kritiko eta, aldi berean, eraikitzaile batetik egiten dugu».

Fatuartek esan duenez, «diskriminazioa sortu eta erreproduzitzen dituzten egiturekin bukatu nahi dugu».

EH Bilduren esanetan beharrezkoa da mugimendu feministarekin eta emakume elkarteekin elkarlana. «Gizarte interlokuziorako egiturari dagokionez, interlokuzio politiko efektiboa baliatzen duen parte-hartze eredu batean oinarritzea proposatzen dugu; mugimendu feministako ordezkariekin eta berdintasunaren alde lanean diharduten emakume elkarteekin egin beharreko lana izan behar da. Eredu horrek hiru maila izango ditu: Udalaren barruan, Udalarekin batera eta Udaletik kanpo», azaltzen dute prentsa oharrean.

Aldi berean, koordinazio arlo bakoitzerako berdintasun teknikariak kontratatzea eskatu du EH Bilduk udal egitura hiru urteko epean moldatuz. «Beharrezkotzat jotzen dugu ere berdintasunera bideratutako baliabideak aurrekontu osoaren %1 izatea. Igoera modu progresiboan egingo litzateke 2023ra arte».

EH Bilduk jarraipen eta ebaluazio batzorde bat osatzea ere proposatu du eta batzorde hori, %50ean, gizarte eragileek osatuko luketela dio.