@iraiaoiarzabal
DONOSTIA

Ebaluazio eredua eraldatu eta «osasuntsuagoa» bihurtzeko proposamena plazaratu du LABek

Ebaluazioaren inguruko hausnarketa plazaratu du LAB sindikatuak liburuxka batean, pil-pilean dagoen gai honi heldu eta aldaketaren beharra hezkuntza kolektiboan, erakundeetan eta familietan txertatzeko helburuarekin. Bi urteko parte hartze prozesuaren emaitzak ebaluaketa zerbait negatiboa izatetik prozesu osasuntsu bat izatera eraman nahi dute.

LAB sindikatuko kideek ebaluazio ereduari buruzko liburuxka aurkeztu dute. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
LAB sindikatuko kideek ebaluazio ereduari buruzko liburuxka aurkeztu dute. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Ebaluazio hezitzailea iruten» izenburua daraman liburuxka aurkeztu du LAB sindikatuak, bi urteko parte hartze prozesuaren emaitza dena eta berriki HIK HASI-k hezkuntza sistema eraldazeko Hezkuntza Proposamenari ekarpena egin nahi diona. Sindikatuaren planteamendua une berezian dator, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Saila lantzen ari den proposamenarekin batera alegia. Donostian egindako aurkezpenean adierazi dutenez, Cristina Uriarte sailburuak aste honetan bertan aurkeztu duen proposamena «norabide onean doa» ebaluazioari dagokionean. Uste dute ordea ezinbestekoa dela hori praktikara eramateko urratsak gauzatzea eta baliabideak jartzea.

Nora Salbotx herri hezitzailea, Ruben Iglesias EAEko Hezkuntza Sailak Ituna egiteko lan taldean parte hartu duen LABeko kidea, Maialen Etxeberria LABen Hezkuntza Politikako Lan Taldeko kidea eta Ibai Redondo LABen Hezkuntza Politikako arduradunaizan dira aurkezpenean, liburuxkak jasotzen dituen gako nagusiak laburbilduz. Hezkuntza arloko eragileen artean somatutako «blokeo» moduko bati erantzuteko proposamena dela azaldu dute.

Iglesiasen ustez, «ebaluazioaren bestelako ulermen bat egon behar da». Aipatu duenez, joera dago ebaluazioa zerbait negatiboa bezala ulertzeko, estresa eragiten duena. Pertzeptzio hori gaur egun indarrean dagoen ebaluazio ereduaren ondorio dela ere uste du, eta horregatik azpimarratu du ebaluazio «osasuntsu» bat eraikitzearen garrantzia.

Bide horretan ezinbesteko hiru aktore ikusten ditu sindikatuak: hezkuntza komunitatea (irakasleak, hezitzaileak, jangeletako langileak), erakundeak eta familiak. Metodologia aldatzeko borondatea egon badagoela aipatu dute baina aurrera eramateko baliabideak beharrezkoak direla gaineratu du. Aldi berean, familien parte hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute baita «eskema zaharretatik atera eta ikuspegia aldatzea» ere.

Dekalogo bat

Proposamenaren mamia dekalogo batean laburbiltzen du liburuxkak. Lehen puntuan ikaslea erdigunean kokatuko duen ebaluazio eredu propio baten garrantzia azpimarratzen da. «Ikas-irakaskuntza prozesua osatzen dugun guztiok erabaki behar dugu zer, nola, noiz, nork eta zertarako ebaluatu. Emaitzak aztertu eta honen ondotik hobekuntza integraleko neurriak proposatzeko».

Era berean, ebaluazioaren helburuak zeintzuk diren finkatzea gomendatzen du, eta «ebaluazio = kalifikazio» binomiotik ateratzea. Hots, indarguneak eta ahulguneak identifikatzeaz gain, hauen zergatiak aztertu eta hobetzeko neurri hezitzaileak ezartzeko balio behar du. Barne eta kanpo ebaluazioari dagokionean, PISA bezalako frogak kritikatuak diren arren, hezkuntza ereduaren osasuna eta joerak adierazten dituzten heinean, neurri batean beharrezkoak direla uste dute. Hori bai, beti ere osagarri bezala eta ez helburu gisa ulertzen badira. Kalifikazioen gaiari ere heltzen diote, informeak aldatzeko beharra nabarmentzeko. Notak ezarri beharrean konpetentzietan zentratu beharra dagoela aipatzen dute.

Honekin lotuta, metodologiak berrikusi, baliabide pedagogikoez hausnartu eta eredu berriak ezagutzea gomendatzen dute. Eredu hori, noski, Euskal Herriaren ezaugarriei egokitzea aldarrikatzen dute. «Curriculuma Euskal Herrirako prestatzen den kultur ibilbidearen hautaketa da, hau da, ikasleek gizabanako eta gizartekide gisa, beraien garapen osoa Euskal Herrian eta mundu zabalean bizitzeko konpetentziak lor ditzaten», azaldu dute.

Azkenik, hobekuntza arloak identifikatzen lagunduko due langileen eta ikastetxeen ebaluazio hezitzailea egitea nahitaezkoa dela uste du LABek. Eta aldarrikapen modura, hori guztia posible izan dadin baliabideak eskura jartzeaz gain, lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute.