Asier AIESTARAN

Zazpigarren puntua lortu dute Olaizolak eta Imazek Labriten

22-14 menderatu dituzte finalerdietara sailkatzeko ia aukerarik gabe geratzen diren Irribarria eta Jaunarena

Aimar Olaizolak eta Ander Imazek garaipen oso garrantzitsua lortu dute Labriten, 22-14, Iker Irribarria eta Jon Jaunarenaren kontra. Zazpigarren puntua da Asegarcekoentzat Binakako Txapelketan, eta finalerdiak jokatzeko txartela gero eta gertuago dute, ligaxka amaitzeko oraindik bi jardunaldi falta baitira.

Hasieratik oso indartsu irten dira irabazleak, eta konturatzerako 4-0 aurreratu dira markagailuan. Azken asteeetako irudi onari jarraipena emanez, Aimar Olaizolak sekulako partida jokatu du –jokoan 11 tanto egin ditu eta 3 pilota bakarrik galdu– eta Ander Imazek ederki lagundu dio atzean, oso pilota gutxi galduz –2 bakarrik–.

Urdinek egin dute neurketan sartzeko saiakera, eta 8-7 inguratu dira markagailuan. Jaunarena oso txukun jardun da hasieratik amaierara –19-13an galdu du aurreneko pilota–, baina Irribarriak ezin izan dio behar bezala lagundu. Aramako aurrelariak tanto batzuk egin ditu –7 guztira jokoan, eta beste bi sake–, baina galdu ere gehiegi –beste 7–. Horregatik, markagailua parekatu den bakoitzean gorriek ihes egin dute berriro: 8-7tik 13-7ra eta 13-10etik 16-10era.

«Puntua oso garrantzitsua da guretzat», nabarmendu du Olaizolak partida amaieran, joko puntu gozoan dagoela onartuz: «Aspalditxoan oso gustura nabil, txisparekin. Hankan izan nituen arazoak ahaztu dira eta pilotari bat konfiantzaz dabilenean kantxan ikusi egiten da hori».

Jardunaldiak igandean jarraituko du Tafallako Ereta pilotalekuan. Ezkurdiak eta Zabaleta Artola eta Ibai Zabalaren aurka jokatuko dute, sailkapenean zer esan handia izan dezakeen beste dema batean. Artola eta Ibai Zabala Urrutikoetxea eta Untoriaren ordez sartuko dira lehiaketan.