naiz
Ondarroa

Ondarroako 16 urteko transexual baten heriotza deitoratu du Chrysallisek

Ondarroako 16 urteko transexual baten heriotzaren berri eman du Chrysallisek. «Eguneroko borroka asko, oraingoan gehiegi» izan direla nabarmendu du adin txikiko transexualen senideen elkarteak. Honen aurrean, elkarretaratzea egingo dute bihar, 17:00etan, Ondarroan.

Chrysalllisek Ekairen heriotza deitoratu du.
Chrysalllisek Ekairen heriotza deitoratu du.

Chrysallis Euskal Herria taldeak Ondarroako 16 urteko transexual baten heriotza deitoratu du. Ohar baten bidez jakinarazi du Ekairen heriotza eta, azaldu duenez, atzo goizean bere amak hilik topatu zuen. «Anaren eta Elaxarren min amaigabea gurea da ere, gureak diren bezala haien borrokak», azpimarratu du elkarte horrek.

«Erregistroan izen-aldaketa lortzeko borroka, Gurutzetako genero unitatean inoiz heldu ez zen behar zuen hormona-tratamendua jasotzeko borroka, institutuan bere errealitatea ulertu eta ondorioz errespetatzeko egin ez zen informazio-saioa ematea lortzeko borroka… Eguneroko borroka asko», aipatzen du oharrak, nabarmenduz «oraingoan gehiegi» izan dela nerabe honentzat.

Hala ere, borroka hau «gizarte osoak» galdu egin duela gehitu du eta, era berean, «oraindik zain daudenen neska-mutilengatik» lanean jarraitzeko beharra ere ekarri dute gogora.«Izen-aldaketa ukatua izan dutenen neska-mutilengatik. Direnak izatea behin eta berriro ukatzen zaien ume eta gazte guzti horiengatik. Atzetik etorriko direnengatik. Babestuko dituen lege baten alde. Aniztasuna ulertu eta onartzen duen gizarte informatu baten alde, neska-mutil hauek dituzten ahalmen guztiak garatzea ahalbideratuko duena. Inoiz, inork, Anak eta Elaxarrek duten mina izan ez dezan».

Kontzentrazioa eta elkartasuna senideei

Honen aurrean, Chrysallisek elkarretaratzea egingo du bihar, 17:00etan, Ondarroako Musika plazan.

Ondarroako Udalak Ekairen senide eta lagunei elkartasuna adierazi die eta «denon artean transfobiarik gabeko herri bat eraikitzera» gonbidatu ditu herritarrak. Gainera, hiru eguneko dolua deitu du, igandera arte. Egun horretara arte ortzadarraren bandera egongo da Udaletxean, masta erdian. 

Hainbat alderdi politikok ere elkartasuna eta babesa adierazi diote gaztearen familiari, horien artean EH Bildu, Ezker Anitza-IU, Bizkaiko PSEren LGTBI taldeak eta Podemoseko Antolakuntza idazkari Pablo Echeniquek, besteak beste.

Save the Children

Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) ere babesa erakutsi dio familiari eta adin txikiko transexualek Administrazioaren aldetik «babes berezia» behar dutela aldarrikatu du, kolektibo hori «bereziki zaurgarria» delako.