Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Udaberria kultur ekitaldiekin loratuko da Bilbon laugarrenez

Loraldiak egitarau aberatsa aurkeztu du berriro Bizkaiko hiriburuan. Kultur sorkuntza lau haizeetara hedatuko da martxoaren 5etik 26ra bitartean. 30 hitzordu izango dira, 20 aretotan eta 120 sortzaileren lanak plazaratuko dira. Aurten 150.000 euroko aurrekontua du martxoan Bilbo kultur ekitaldiz blai jarriko duen egitarauak.

Anton Abadia Irlandatik Euskal Herrira etorritako kulturzale amorratua izan zen. Hark sortutako Lore Jokoak eta hizkuntza eta kulturaren alde egin zituenak gogoratzen dira urtero Bilboko Loraldian. Patxo Telleriak Loraldiako lehen ediziorako idatzitako bakarrizketa –orduan Aitor Mazo zenak egin zuen aktore lana– Arriaga antzokian jokatuko du aurten Txomin Hegy aktoreak, Oier Guillan zuzendariaren esanetara.

Antzerkia, dantza, literatura, bertsolaritza, musika, zinema, gastronomia eta bestelako proposamen artistikoak batuko ditu Loraldiaren laugarren edizioak hiru aste luzez. Eta atzo egindako aurkezpenean, ekitaldiotako sorta bat erakutsi zuten antolatzaileek. Bilboko Udaleko kultura zinegotzi Nekane Alonsok hiriburua «euskal kulturaren sarrerako atea» izango dela iragarri du. Ostean, Bizkaiko Kultur diputatu Lorea Bilbaok bere sostengua eta babesa eskaini dio Loraldiari; «arte eszenikoak loratu egiten dira udaberrian Bilbon», gaineratu du. Bi instituzio hauek eta Lakuako gobernua dira Loraldiaren babesle nagusiak.

Aurtengo Loraldiko berritasunen artean, Mikel Martinez aktore eta tabernariak Plaza Barriko Cafe Bilbao ostatuan kaña bat ondo nola ateratzen den erakutsiko du, Patxo Telleriak idatzi eta zuzendutako bakarrizketan. Tabernako ohiko ordutegian, barraren bestaldetik arituko da Mikel. Martxoaren 9an aurkeztuko da “Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña”, izenburua bezala atzekoz aurrera garatzen den antzerki obra laburra. Hortik egun batzuetara, saio bera egingo du Basquery garagardotegian. Arriaga antzokian Silvia Plath poetaren “Hiru emakume” antzezlanaren estreinaldia izango da martxoaren 15ean, eta Hika Teatroak Oinkari dantza taldearekin batera prestatutako “Sagartu” ikuskizuna Campos antzokian erakutsiko du, lehen aldiz areto batean. Dantza berezia izango da “Oteizak 11” lana ere, Kukaik aurkeztuko duena.

Izaro eta Inun bakarlariek kontzertu bana eskainiko dute martxoaren 8an eta 22an hurrenez hurren, “Imanol jazz” emanaldi berezia izango da martxoaren 10ean, eta Ruper Ordorikaren kantuekin egindako bertsio gaua izango da martxoaren 14an Kafe Antzokian. Mursego eta Amorante, berriz, kontzertu bakarrean ikusteko parada izango da “Banpiro maitaleen gauean”. Eta aurreko edizioetan bezala, Bilbronx jaialdia izango dute hip hop kultura maite dutenek martxoaren 24an, Alondegian.

Idazleak ere erruz hurbilduko dira Bizkaiko hiriburura. Xabier Amurizak “Neska bat leku inposiblean” lan berria aurkeztuko du; Ekaitz Goienetxeak bere lehen “Zaldi mamarroa” nobelaren berri eman, eta Danele Sarriugarte “Azala erre” liburuaren gainean mintzatuko da, Kattalin Miner lagun duela. Horrez gain, literatura ardatz duten beste bi saio izango dira martxoan Bilbon. Martxoaren 11n “Herejeen alaba” ikuskizuna antzeztuko du Ander Lipusek, Erdi Aroko musikaz lagunduta, Joseba Sarrionandiaren “Kristalezko bihotza” narrazioa oinarri duen testua. Bilboko San Frantzisko auzoan berriz “Joan-etorriak” emanaldia izango da, hainbat euskal idazlek sortutako testuetatik abiatuta, auzoko bizilagunen lekukotasunak batuz. Lamine Diawara musikari senegaldarraren doinuek lagunduko dute literatur proposamena.

Urtero bezala, bertso saio berezia ere izango da Guggemheim museoan. Aurten Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio Arantxa Urretabizkaiak sortutako testu baten haritik arituko dira. Eta “Ametsak mugimenduan” ekitaldian, berriz, Bego Vicario zinema zuzendari eta animazio irakaslea omenduko dute. Bere zenbait film proiektatu eta solasaldian arituko dira Vicariorekin. Imanol Agirre Loraldiaren zuzendari artistikoak agertu zuenez, «Loraldia lau sormen haizeetara» hedatuko da aurten ere, laugarren edizioarekin egitaraua egonkortu eta datozen urteetakoetan pentsatzen hasiak daudela nabarmenduz.