NAIZ
GASTEIZ

Soldata arrakalari aurre egiteko «urrats eraginkorrak» eskatu ditu LAB sindikatuak

Emakumeek pairatzen duten soldata arraila gainditzeko borrokan «urrats eraginkorrak» emateko deia egin die instituzioei LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk. Gasteizen Emakumeeen Batzarra egin eta martxoaren 8ko greba deialdiari babesa eman ondoren, giza-katea egin dute Legebiltzarreraino beren aldarriak bertara eramateko.

Emakumeen Batzarra egin du LAB sindikatuak Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Emakumeen Batzarra egin du LAB sindikatuak Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

LAB sindikatuak Emakumeen Batzarra egin du Gasteizko Villasuso jauregian eta hitzordua martxoaren 8ko greba deialdia babesteko baliatzeaz gain, emakume eta gizonen arteko soldata arrakalaren arazoa izan dute hizpide.

Sindikatu abertzaleko idazkari nagusiak, Garbiñe Aranburuk, gogoratu du otsailaren 1ean «guztiz ez nahikoa» den genero desparekotasuna eta lan merkatuaren inguruko ekimena onartu zuela Gasteizko Legebiltzarrak, talde guztien aldeko botoarekin.

Sei hilabeteko epean ekintza plan bat aurkezteko konpromisoa bere egin zuen Lakuak eta sindikatuak, patronalarekin batera, mahai baten buelatan eseri ziren arrakalaren inguruan eztabaidatzeko. Lehen bilerak LABen kezkak «biderkatu» egin zituen: «Confebaskek ez du auziari benetan begiratzeko inolako asmorik eta Jaurlaritzak ez du Confebaskek urratsak eman ditzan patronala estutzeko inolako borondaterik». 

Estatistikek arrakala egon badagoela argi erakusten dutenez, horren arrazoiak azaleratzea da LABen helburua. Hain zuzen, arraila aztertzeko eskaera egina du 250 enpresa baino gehiagotan.

Azterketa horietan laguntzea eta jasotako emaitzak egin beharreko planean aintzat hartzea eskatu dio sindikatuak Lakuari eta, gainera, Legebiltzarreko taldeei galdegin diete LABek Lan Harremanen Kontseiluan egin zen bilkurara eraman zituen aldarrikapenak bere egitea.

Horien artean daude, esaterako, Confebaski enpresetan soldata arrakalaren ikerketa bermatu dezala eta hura gainditzeko egiten diren neurriak sustatzeko konpromisoa bereganatu dezala; berdintasun planak egitearen derrigortasuna enpresa guztietara zabaltzea, 250 langile edo gutxiago eduki arren edo «kontziliaziorako eta korrespontsabilitaterako benetako neurriak» har daitezela, besteak beste.

Arrailaren aurkako plan baterako aldarriok «guztiz baliagarriak» direla iritzi du LABek. Parlamentuko taldeei eskatu die gaiari buruzko eztabaidan sakontzea eta instituzioei galdegin die arazo hori gainditzeko bidean «urrats eraginkorrak» emateko.

«Beraien esku dago arrakalaren auziari dagokion dimentsio politikoa ematea eta borroka honetan konpromisoak hartzea ekimen instituzional eraginkorrak bultzatuz», azpimarratu du LABek, bide hori egiteko bere prestutasuna adieraziz.

Villasusoko bilkuraren ostean, Legebiltzarreraino iritsi den emakume-kate bat egin dute, «Gure lanak balioa du. 7.680 euro gutxiago. Emakumeok planto» lemapean. Ondoren, Parlamentuan ordezkaritza daukaten alderdiei zuzendutako idatziak erregistratu dituzte, soldata arrakala gainditzeko ekimenak landu ditzaten.