Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

EH Baik «harreman iraunkorrak» sustatu nahi ditu EH Bildurekin

Ipar Euskal Herriak bizi duen abagune historiko honetan «erreferente politiko nagusia» bilakatzeko xedea du Euskal Herria Baik. Bere egitasmo politikoa eta funtzionatzeko moldea eguneratuz, «ezkerreko alternatiba sinesgarria» eraikitzeko erronkari hobeki erantzun nahi dio.

Helburu hori marrazten du, hain zuzen ere, “Goazen EH Bai berri baten eraikitzera” lerroburu duen txostenak.

Gaur goizean Hazparnen deituriko Biltzar Nagusian aztertu eta bozkatuko den mozioan, besteak beste, Euskal Herria Bildurekin «akordio estrategiko baten lantzea eta adostea» proposatzen da.

2012an izenpeturiko hitzarmenetik abiatuta, EH Baik «harreman iraunkorrak» nahi ditu garatu EH Bildurekin.

Izan ere, bere lan eremu nagusia eta, beraz, lehentasun politikoak ere, Nafarroa Beherean, Lapurdin eta Zuberoan kokatzen direnez, azkeneko hauteskunde zikloak frantziar estatuan ez ezik Ipar Euskal Herrian ere eragin zuen lurrikara bere gogoetaren abiapuntu gisa hartzen du EH Baik.

Lurralde kolektibitatea

Hartara, PS alderdiaren beherakada handiak ezkerraren lehenengo indar bezala irudikatu zuen, lehen aldikoz, mugimendu abertzale, ezkertiar eta ekologista Ipar Euskal Herrian. Egoera horretan, eragile nagusia bilakatzeko anbizioa agertzen du EH Baik Hazparneko biltzarrean aurkeztuko duen aipaturiko mozioan.

Hartara, dinamika sozialak lehenetsita, sektore berriak erakartzeko asmoa agertzen du. Horretarako, arlokako jarduera indartzeko apustua eginen du. Ekonomia garapena, kohesio soziala, euskara, lurralde antolaketa, kultura, laborantza, etxebizitza, trantsizio energetikoa… Horiek dira, besteak beste, EH Baik finkatzen dituen lan eremuak.

Txostenak dioenez «iniziatiba gaitasuna izateko, antizipazioz aritzeko, eta oinarri soziala saretzeko» EH Baik bere ibilmoldea behar du gaurkotu. Erakunde zein karrikan «gehiengo berri zabalak» artikulatzeko gai izanen den antolaketa eredu berri horren eskutik «praktika berritzaile bat» nahi du sustatu EH Baik, betiere herrietan azkarki errotuta.

Bestalde, Euskal Elkargoaren sorrerak Ipar Euskal Herriari «lehen instituzio maila» ekartzeaz gain, «Euskal Herriaren eraikuntzaren bidean» lehen urrats gisa irudikatzen du EH Baik. Ondorioz Elkargoak ahalik eta eskumen gehien hartzea hobesten du. Izan ere, fase honetarako bere xedea «berezko estatusa duen lurralde kolektibitatea lortzea» dela argitzen du. Alegia, jendarteak berretsiko lukeen eta Euskal Herriko hiru eremu administratiboen arteko elkarlana azkartzeko balioko lukeen erakundea aldarrikatzen du.

 

Arduradun berriak zehazteko barne bozak apirilean izanen dira

2012-2017ko hauteskunde zikloak koalizioaren indarra agerian utzi bazuen, gatazka konponbidearen alorrean eta Ipar Euskal Herriaren aitortza lortzeko bidean «mugarritzat» jotzen du iazko urtea Euskal Herria Baik. Egoera berriak «arriskuak eta erronkak» marraztu dituela onartuta ere, mugimendu abertzalearen bilakaera sendotzeko «giro baikorra» sortu dela nabarmentzen du.

Ildo beretik, 2014an, sortze biltzarrak finkatu zuen funtzionamendu eredua gainditutzat emanez, «etxea hobeki antolatzeko garaia dela» nabarmendu zuen Eneko Aldanak, Ziburuko herri kontseilariak, gaurko biltzarra aurkezteko joan den hilean EH Baik eginiko agerraldian.

Bere ondoan zuen Nikolas Blain Makeako zinegotziak «gizartean bizirik diren dinamikekin aberastuz» egitasmo politikoa eguneratzeko nahikeria mahai gainean jarri zuen.

EH Baik defendatzen duen proiektuari ekarpena egiteko modu anitz badirela jabetuta, militantzia maila ezberdinak eskainiko ditu mugimenduak. Egokitzapen prozesuaren baitan bere estatutuak moldatuko ditu EH Baik, besteak beste, zuzendaritza organo berrien osaketa, funtzioak eta hautatzeko moduak zehazteko. Edonola ere, EH Baiko zuzendaritza ez da gaur ezagutuko. Hazparneko biltzarrean egitura berriaren hezurdura finkatu ostean, apirilean zehar, ardurak banatzeko barne hauteskundeak eginen dira. M.U.