Imanol Agirre: «Bilbok Euskal Herriko leku garrantzitsuena izan behar du euskal kulturarentzat»
Lekeitioko kale antzerkia antolatzetik, Bilbon Loraldia zuzentzera. Gaur hasiko da kultur maratoia, baina berak hurrengo urteko ekoizpenetan du burua. Berak Bilbo Euskal Herriaren kultur mapan kokatzen dihardu. Bide horretan sortzaileen lana duintasunez babestea du ardura nagusi.
Udaberriko lore jokoen erreferentzia ere badu Loraldia jaialdiak, eta aurten beren beregi Anton Abbadiaren figura berreskuratzen da. Estitxu, Imanol edo Oteiza ere ekarriko dira gogora. Transmisioaren ideiak nolako garrantzia du?
Euskal kulturan erreferente izan direnak gaurko garaietara ekarri gura ditugu. Guk ez ditugu lehen ziren moduan aurkezten, gaurkotze bat lantzen da artista bakoitzarekin. “Laboa jazz” edo “Imanol jazz” dira adibide argienak; beraien kantak XXI. mendeko kanta bilakatu dira. Hori da gure lerro nagusietako bat. Bestea azken garaiko sormen eta sortzaileak aurkeztea da.
Hogei areto ezberdinetan programatu dituzue aurten ekitaldiak. Apropos bilatutako kontua izan da?
Bi gauza gertatu zaizkigu: gure lan egiteko moduak horizontala izan nahi du. Jendearen ekarpenak jaso nahi ditugu eta horrela ari gara. Eta bide horretan, leku asko gerturatu zaizkigu euskal kultura plazaratzeko gogoarekin. Duten hutsune bat betetzeko baliatu dute batzuek, eta beste batzuek ikusi dute proiektu erakargarria dela. Euskara ia-ia ikusten ez den lekuetan beso zabalik hartu gaituzte. Basqueryn, adibidez, ez dute euskal kultura landu, baina sekulako gogoa erakutsi dute garagardo dastatze bat egin eta Mikel Martinezen bakarrizketa antolatzeko. Loraldia euskarri da horrelakoetan. Itsas Museoak edo Guggenheimek, berriz, urtean zehar egiten ez dena betetzeko aukera baliatzen dute Loraldiarekin.
Demagun duela bost urteko Bilbon gaudela, Loraldia izeneko euskal kultur jaialdi bat antolatu behar dugu udaberrian. Zer egingo zenuke? Zer ikasi dugu geroztik?
Lau urteotan islatu dugu gure asmoa zein den: Bilboko bihotza hartu eta euskarazko sormen berritzaileenei leku profesionala eskaintzea. Zer ez genukeen egingo? Non egin beharko genuke indar oraindik? Uste dut erakunde pribatuen babesa lortzen ahalegin gehiago egin beharko genukeela. Baina ikusten da oso zaila dela euskal kulturarentzat babes pribatua lortzea.
Bost urte barru berriz, non nahi zenukete egon?
Kultur sorkuntzak ekoizteko aukera izan nahiko genuke. Modu profesional eta on batean lan egin nahiko genuke. Orain arte egin ditugun ekoizpenak, politak eta ederrak izan diren arren, justu samar dabiltza azpiegitura aldetik. Sortzen ditugun ideia horiek ganoraz eskaintzeko aukera izan nahi genuke. Hurrengo bost urteetan hori lortzea litzateke gure asmoa, ideia berriak sortu oihartzuna izateko gure mugetatik kanpo ere. Jaialdi deigarri bat gure unibertsotik haratago doana. Hemengo kalitatea erakargarria egin behar dugu erdal munduak esan dezan merezi duela euskal kultura kontsumitzea.
Publikoak oso ondo erantzun du orain arteko edizioetan. Agian Loraldiak duen altxorra hori bera da, ezta?
Gu beldur ginen, hiru astez, ia egunero emanaldiak eskaintzen baititugu. Ez genuen erraz ikusten, baina lortu dugu. Publiko ederra dago. Bilbotik eta herrialde osotik hurbiltzen da jendea emanaldietara. Ikusgarri jartzen bada, emaitzak hor daude. Iaz areto gehienetan edukieraren %70 bete genuen, eta harro gaude horrekin. Euskarazko kulturak badu publiko bat, eta horren sekretua dimentsioa da.
Aurrekontuarekin gorabeherak izan dira. Azkenean badugu Loraldia, une batean zalantzak egon baziren ere.
Zaila izan da gure babesle nagusia desagertu zelako. Bilboko Udalak beregain hartu du, eta gustura gaude lanean. Une batez, aurten ez genuela jaialdirik izango pentsatzen genuen. Momentu baten jaialdia handi egin zen, baina gero ez genuen lortu instituzioak berriz konbentzitzea. Azkenean Lakuako Gobernuak ere egin du apustua, plan estrategiko bat eskatu ziguten, egin dugu, eta orain gauza ikusgarri bat egitera goaz.
Nolako garrantzia du Bilbok euskal kulturaren mapan?
Azkenaldian loraldi etengabe batean ari gara, eta Bilbon hori nabari da. Bilbok Euskal Herriko leku garrantzitsuena izan behar du euskal kulturarentzat. Ikuskizun handienak hemen izaten dira, BECeko bertso txapelketaren finala da adibide nabarmena. Etengabeko loraldi horretan Bilbo ezinbestekoa da. Bilbo eta Zuberoa oso urrun daude, distantzia hori laburtzea da gure asmoa. Euskal kulturaren etorkizuna Bilbon dago, eta gauzatzen ari da poliki-poliki.