@manexaltuna

Kepa Arrizabalaga, euskara ahoan Iñigo Martinezekin eta taldekideak animatzen Sevillaren zelaian

Athleticek partida kaskarra jokatu zuen larunbatean Sanchez Pizjuan zelaian. Kepa Arrizabalagarengatik izan ez balitz ziur asko gol gehiago jasoko zituzten zuri-gorriek, Ondarruko atezaina protagonista izan zen jokoan eta baita ere zelaira atera aurretik taldekideak animatzen eta Iñigo Martinezekin euskaraz hitz egiten.

Kepa eta Iñigo Martinez euskaraz hitz egiten Sanchez Pizjuan zelaira jokatzera irten aurretik.
Kepa eta Iñigo Martinez euskaraz hitz egiten Sanchez Pizjuan zelaira jokatzera irten aurretik.

Kepa Arrizabalaga, Athleticeko atezaina, nortasun handiko jokalaria dela erakutsi du lehen taldearekin jokatzen hasi zenetik eta Sevillan ere hala egin zuen. Partidako protagonista nagusia izan zen talde zuri-gorrian, ondarrutarrak egindako geldiketek eta erakutsitako sendotasunak, Athleticek gol gehiago ez jasotzeko erabakigarria izan zen.

Gaztea izan arren ez da kikiltzen eta larunbatean bere izaeraren beste alde bat ikusteko aukera utzi dute telebistan jasotako irudiek.

Athleticek lehen zati eskasa burutu zuen Sevillaren kontra. 2 eta 0 galtzen joan ziren atsedenaldira eta Zigandak hiru aldaketa egin behar izan zituen bigarren zatia hasi aurretik. Jokalariak burumakur zeuden eta Ondarruko atezaina taldekideak animatzen ikusi ahal izan da telebistan zabaldutako irudietan.

 

Horrez gain, Beñat Zarrabeitia kazetariak telebistak eskainitako irudien beste zati bat harrapatu du eta sare sozialetan zabaldu duen bezala, Arrizabalaga eta Iñigo Martinez euskaraz hitz egiten ikus daitezke. Bi jokalariak ondarrutarrez hitz egiten entzuten dira eta Imanol Etxeberria, atezainen entrenatzailea agertzen da eta honek ere euskarazko hitzak erabiltzen ditu.