Xabier Rey LABeko ordezkaria zen Irurtzungo Neumaticos Iruña enpresan atxilotu zutenean; enpresa batzordeak deituta, langileek elkarretaratzea egin dute lantegiaren aurrean. Eguerdian, berriz, LABek Iruñera eraman du protesta eta Gobernu espainiarraren ordezkaritzaren aurrean egin du kontzentrazioa.
Bertan hitza hartu du LABeko idazkari nagusiaren ondokoak, Igor Arroyok. Gogoratu du Xabier Rey langile bat zela eta «gertukoa» zutela. «Ez zen persona berekoia, aitzitik, interes kolektiboekiko kezka zuen».
Atxilotu zuteneko garaia ere izan du hizpide: «Bost egunez torturatu zuten. Hamar urtez eduki dute etxetik mila kilometrora, espetxe baldintza gogorretan. Beste hamalau urteko zigorra zuen. Honi guztiari ezin zaio justizia deitu. Honek guztiak gerra estrategia bati erantzuten dio», salatu du.
Preso iruindarra «espetxe politika kriminal baten biktima» da LABen ustez, «pertsonak suntsitzeko helburuz PPk indarrean mantentzen duen espetxe politika kriminalaren» biktima.
Borroka armatua bukatu zenetik ia zazpi urtera, Nafarroan zein Euskal Herrian bakea eta demokrazia lortzeko espetxe politika aldatzeko «akordio sozial, sindikal eta politiko zabalak» egitea beharrezko jo du Arroyok, eta dei egin die Nafarroako Gobernuari, alderdi politikoei eta gainontzeko sindikatuei presoen aferan inplika daitezen. «Premiazkoa da sakabanaketarekin amaitzea, isolamendua ezabatzea eta preso oro lehen gradutik ateratzea», aldarrikatu du.