Euskal Herriko armen ekoizpena eta, bereziki, Bilboko Portutik egiten den armen trafikoa salatzea helburu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, Gazteizkoak taldearekin batera, egin gura duten dokumentalak. Finantzazioa lortzeko crowfunding kanpaina jarri dute martxan Goteo webgunean.
Dokumentalean besteak beste, historiagileak, armagintzako langileak eta borroka antimilitaristan aritzen diren taldeak elkarrizketatuko dituzte, isil-gordean dauden armen salmenta hauek ikertzeko bokazioaz.
Ikusentzunezko lanean gainera, Ignacio Robles Bizkaiko suhiltzailearen historia ezagutuko dugu gertutik. 2017ko martxoaren 13an, Roblesek uko egin zion Bilboko Portuan segurtasun-operatibo batean parte hartzeari. Zamaketa haren helburua, Euskal Herrian egindako hainbat tona armamentu Saudi Arabiara bidaltzea zen.
Ignacio Roblesi espedientea ireki, eta epaiaren zain dago oraindik ere. ‘Suhiltzaile intsumisoaren’ kasua ezagutzera eman zenetik, Ignacio Roblesek elkarte eta pertsona askoren elkartasuna jaso du eta dokumental honekin, lana bete ala modu etikoan jardutearen arteko bideaz hausnartzera eraman nahi gaituzte.
«Zein neurritan daukagu ardura Yemengo egoeran? Immoraltzat dugun zerbaitetan parte hartzeari uko egiteagatik gure lanpostua arriskuan jarri beharko genuke? Halako erabaki pertsonalekin mundua aldatu genezake?». Halako galdera potoloei erantzuna ematen ahaleginduko da dokumentala.