NAIZ
GASTEIZ

«Bezero bat defendatzeagatik» Gasteizko tabernari bati «mozal legea» ezarri izana salatu dute

Gasteizko taberna bateko bezeroa identifikatzen ari ziren udaltzainei egiten ari zirenaren arrazoiak galdetzeagatik zerbitzariak 700 eurotik gorako isuna ordaindu behar izan duela salatu du Eleak mugimenduak.

Eleak mugimenduak egindako salaketa baten harira Hala Bedik berri eman duenez, Gasteizko tabernari batek 730 euroko isuna ordaindu behar izan du bezero bat identifikatzen ziren udaltzainei zergatiak galdetzeagatik.

Azaldu dutenez, gertakariak 2016ko azaroan jazo ziren, Aiztogile kaleko Txapelarri tabernan. Terrazan zegoen bezero bat identifikatzen ari ziren udaltzainei zergatiengatik galdetu zien, «pertsona migranteei ematen zaien tratuaz jakitun».

Zerbitzariaren arabera, «oso modu txarrean» esan zioten bertatik alde egin zezala ezin zuelako atxiloketa ikusi. Tabernaria identifikatu egin zuten eta ohartarazi zioten alde egin ezean lana oztopatzea egotzita isuna ezarriko ziotela. «Arazorik ez izateko» taberna barrura itzuli zen eta ondoren bezeroa atxilotuta eraman zuten, txakurra lotu gabe eta mozalik barik edukitzea leporatuta. Zerbitzariaren arabera, «gezurra» da, txakurra ondo lotuta eta mozalarekin baitzegoen udaltzainak iritsi zirenean.

Hilabete beranduago, «mozal legea» delakoan oinarrituta, isuna iritsi zitzaion tabernariari, «desobeditzeagatik». «Injustua» iruditu zitzaionez, helegitea aurkeztu zuen eta, ia urte eta erdi beranduago 730 euro ordaindu behar izan ditu. Aurkeztu duen azken helegitea ebazpen zain dago.

Tabernariari elkartasuna adierazteaz gain, «Udaltzaingoak, gainerako poliziek bezala pertsona migranteekiko daukaten jarrera» gaitzetsi du Eleak mugimenduak.

Era berean, salatu dute 2017ko abendura arte Udalak 725 aldiz aplikatu duela «mozal legea».

Isuna ordaindu behar izan duen tabernariarekiko elkartasunez, martxoaren 16an jaialdia egingo dute Txapelarri tabernan.