naiz

Pentsio duinak bermatzeko haren esku dituen tresnak erabiltzeko eskatu dio EH Bilduk Lakuari

Pentsioen harira, EH Bilduk EAJri gogorarazi dio «Lakuak ez duela zertan itxaron ea arazoa Madrilen konpontzen duten». Hala, Kontsumo Prezio Indizearen igoera bermatzea, «pentsio txikiak osatzea» eta «urratsak ematen has dadila» eskatu dio.

Leire Pinedok aurkeztu ditu EH Bilduren proposamenak pentsionen inguruan. (@ehbildu_legebil)
Leire Pinedok aurkeztu ditu EH Bilduren proposamenak pentsionen inguruan. (@ehbildu_legebil)

EH Bilduk dei zuzena egin dio EAJri «pentsio duinak bermatzeko» eta horretarako eskura dituen tresnak erabiltzeako eskatu. «Jaurlaritzak bere eskumenak erabili behar ditu, eskura dituen bide guztiak baliatu behar ditu pentsio txikiak osatzeko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan pentsio duinak bermatzeko. Pentsioen aferan erantzukizun nagusia Gobernu espainolari dagokion arren, Urkulluren Gobernua ezin da besoak gurutzatuta geratu», adierazi du koalizioko kide Leire Pinedok.

Rajoyren atzean «ez ezkutatzea» eskatu dio. «Bere erantzukizunari heldu behar dio, baina ez gara hori ikusten ari, kalean milaka eta milaka pentsiodun protestan ari diren honetan Rajoy gor dagoelako eta Urkullu gorrarena egiten ari delako», gehitu du Pinedok.

EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, uskal pentsio sistema propioa sortzea «ezinbestekoa» izanda ere, «EAJ-PSE gobernuak ez du ordura arte itxaron behar pentsioak duintzeko». Hori lortu bitartean gutxieneko pentsioak bermatzeko neurriak hartzeko eskatu dio. Norabide horretan, EH Bilduk proposamen zehatzak egin dizkio Lakuari.

Lehena, Kontsumo Prezio Indizearen igoera bermatu dezala pentsio guztietan, «espainiar Gobernuak planteatu duen igoera iraingarria delako». %0,25eko igoera iragarri du Rajoyren Gobernuak. Bestetik, «pentsio txikiak» osatu ditzala eta «urratsak ematen has dadila». Pinedoren esanetan, «arazoa arintzeko aukera edukita, onartezina eta arduragabea litzateke Jaurlaritzak aukera horri uko egitea; oso larria litzateke EAJk pentsio txikiak kobratzen dituztenei esatea agoantatzen jarraitu behar dutela, ea egunen batean Madrilen pentsioa igotzen dieten».