NAIZ

Basque Fest, 200 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte Bilbon Aste Santurako

Gastronomia, musika, dantza, antzerkia, herri kirolak, kalejirak, euskal pilota eta kaleko animazioa izango dira martxoaren 28tik apirilaren 1era bitartean Bilbon, Aste Santuan zehar ospatuko den Basque Fest jaialdiaren baitan.

Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko zinegotzia, Basque Fest jaialdiaren aurkezpenean. (Bilboko Udala)
Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko zinegotzia, Basque Fest jaialdiaren aurkezpenean. (Bilboko Udala)

Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatu dute Basque Fest jaialdia eta turismo eskualdeen, profesionalen elkarteen, enpresa pribatuen eta kultur eragileen parte hartzea izan dutela azaldu dute.

Ekimenaren arduradunek astearte honetan iragarri dutenez, Basque Fest martxoaren 28tik apirilaren 1era ospatuko da Bilbon. «Orain arte izandako programaziorik aberatsena» eskainiko du, «Bilbo euskal kulturaren hiriburu izan dadin». Adin guztietako herritarrentzat pentsatutako jarduerak eta proposamenak egongo dira.

Manez eta Kobreak taldeen kontzertuarekin abiatuko da Basque Fest martxoaren 28an Azkuna zentroan. Errenteriako Atlantikaldia jaialdiak antolatuko du, Bilbora gonbidatu baitute egitarauaren aurrerapena aurkeztera.

Kepa Junkerak ‘FOK’ izeneko disko berria aurkeztuko du martxoaren 30ean. Kataluniako, Valentziako, Balear Irletako eta Sardiniako musikan dago inspiratuta musikari bizkaitarraren azken diskoa. Gainera, Ruper Ordorikak eta Xabi Solanok ere lan berriak aurkeztuko dituzte jaialdiaren baitan eta Gose taldean aritutako Ines Osinagak eta Ken Zazpi taldeko Eñaut Elorrietak ere kontzertuak eskainiko dituzte bakarka.

Basque Fest jaialdia beste hiru espaziotan izango da, hain zuzen, San Anton zubian, Berreginen Museoan eta Erriberako merkatuan, eta aurreko edizioetan izango 14 agertokiekin egingo dute bat: Txoko Gourmet karpa, Azkuna Zentroa, Plaza Barria, Guggenheim museoaren zabaldegia, Bilborock, Pio Baroja pantalana, Martzana kalea, Martzana kaia, Artxanda, Areatzako Sport espazioa eta Ledesma, Villarias, Garcia Rivero eta Poza Lizentziatua kaleak.

Halaber, Bilboko itsasadarra aurtengo Basque Fest jaialdiaren beste protagonista garrantzitsu bat izango da. Berritasunak ekarriko ditu, eta, besteak beste, San Anton zubitik bateletan arraun egiteko edo Pio Barojako pantalanetik itsasontzian ohiko paseo antzeztuetan parte hartzeko aukera egongo da.

Guztira, hiriko 342 merkatarik eta ostalaritza establezimenduk egin dute bat Basque Fest 2018 ekimenarekin, hau da, aurreko urteko edizioan baino %46 gehiago. Metro Bilbaok goizaldeko 02.00ak arte luzatuko du zerbitzua martxoaren 29an, 30ean eta 31n.