Arantxa MANTEROLA
BAIONA
Interview
KLOE ETCHAMENDY
GENEPI ELKARTEKO KIDEA

Kloe Etchamendy: «Guretzat preso guztiak politikoak dira, erabaki politikoek eramaten baitituzte kartzelara»

Jatsuarra, 27 urte. Denboraldi bat kanpoan izan ostean, ikasketak berrartu ditu berrikitan. Baionako Genepi, presoen, beren egoeraren eta problematikaren inguruan lan egiten duen taldea berpiztu dute eta hor ere militatzen du. Ekimen andana antolatu dute hil honetarako.

Zer da Genepi elkartea eta zeintzuk dira bere egitekoak?

Duela 42 urte sortu zen Estatu frantsesean. Ikasle batzuek sortu zuten, Unibertsitate eta Eskola Handietako ikasleek, batez ere. Zertxobait elitistak, egia esan. Kartzeletara joaten ziren presoei irakastera, klaseak ematera. Pixkaka ikasle gehiago gehitu ziren (beti unibertsitate eremukoak), elkarte handi bat bilakatu arte. Kartzeletan sartzea beti izan da zaila eta oso elkarte gutxi daude eremu horretan lanean, gureaz gain, Gurutze Gorria eta Sokorri Katolikoa [Caritas] batez ere. Horregatik zen inportantea Genepiren egitekoa ere. Hasieran ikastaro akademikoak egiten ziren, baina gero jarduera anitzetako tailerrak, hizkuntzen ikasketa eta abar gehitzen joan ziren. Taldearen eta espetxearen arabera, jarduera eta gai ezberdinak izaten dira. Nik adibidez, bost urtez Historia tailerrak, origami tailerrak [paperarekin egiten den japoniar artea] eta komikiak egitekoak gidatu ditut.

Urtero hausnartzen da elkartearen eginkizunez: kartzela barnean egin behar den lana, jendartean sentsibilizazioa areagotzeko egin behar dena eta kideen formakuntza. Sei asteburu formakuntza izaten ditugu urtean, egitarau aski trinkoarekin.

 

Zuen helburua ez da espetxe barruko eremura mugatzen?

Ez. Gure helburua hesiak botatzea ere bada. Bi zentzutan, bai barrukoengana joateko baina baita ere unibertso hertsi hori jendarteari ezagutarazteko. Presondegia hesiz beteriko unibertsoa da jada eta jendarteak ez du egiaz ezagutzen mundu hori. Frantzian bederen beti esaten da justizia populazioaren izenean banatzen dela. Alta, populazioak ez daki deus justizia horren aplikazioaz, zer gertatzen den kartzeletan, zer kartzela mota dauden... Beraz, gure helburua ere bada hesi hori kentzea eta herritarrei espetxea agerraraztea.

Hasierako xedea, beraz, zabaldu egin duzue...

Hala da. 2012an aldaketa filosofiko bat egin genuen. Izan ere, denbora aurrera joan den heinean, elkartea konturatu da bere funtzionamendua beharbada pixka bat elitista zela, goitik beherakoa, alegia. Gu gure ezagutzekin kartzelan sartzen ginen, eta, maiz, gu baino askoz adin handiagoa zutenei gu erakusten. Ez zen harreman transbertsala, hierarkikoa baizik. Horregatik klaseak eman baino, presoekin beraiekin aktibitateak eta tailerrak adosten hasi ginen. Jokamolde hori ez zaio batere gustatu Espetxe Administrazioari eta arazoak sortu dira Genepi talde batzuen eta Administrazioaren artean. Gainera, presondegi guztietan orain bideozaintza ezarri dute eta gure elkarteak ez du kameren zaintzapean lan egitea onartzen. Baionako espetxean adibidez, liburutegian ez da kamerarik eta lehen han jarduten genuen baina orain ez digute uzten, kamerak dauden areto handira mugatzen gaituzte eta gu ere gutxiago sartzen gara.

Orduan, Espetxe Administrazioaren eta zuen arteko harremana ez da ona?

Azken urteetan zailtasunak izan ditugu eta dauzkagu oraino. Halere, esan beharra dago erakundeek gure lanerako diru laguntza ematen segitzen duela, gutxiago bada ere.

Lehen aipatu duzun kanpora alderako lan hori zertan datza?

Eskoletara, kolegioetara, lizeoetara, gaztetxeetara, irratietara joaten gara informazioa ematera. Ideia da jendearen egunerokotasunean presondegien afera ere txertatzea. Adibidez, Baionakoa herrian bertan dago, egunero jende andana aitzinetik pasatzen da, baina inork gutxik pentsatzen du hor dauden 120 bat gizonekin zer gertatzen den. Ez dago interesik horrekiko. Alta, gaurko gizartean segurtasunaren gaia gero eta presenteago dago eta gero eta jende gehiago dago kartzeletan. Frantzia Giza Eskubideen herria dela esan ohi da baina, berez, Giza Eskubideen Adierazpenaren herria da. Ez da gauza bera zerbait esatea edo egitea! Horregatik saiatzen gara jendea sentsibilizatzen, jakin dezan beraien izenean zer egiten den, ea normala den halako gauzak egiten uztea. Aldi berean, espetxearen inguruan dauden usteak hausten ere ahalegintzen gara ze hotelak direla, dena ordaintzen zaiela, eta abar uste duenik ere bada. Karikatura dirudi baina jende mordoa dago horrela pentsatzen duena. Gai honetan sobera pentsatzen ez dutenak ere badira baina, halere, uste dute han badaude zerbaitegatik dela eta horrela segitzen dugu ideia historiaurrekoetan kateatuta, arazoak konpontzeko kartzela zinez irtenbidea den hausnartu gabe: horrela tratatu behar den, zertarako dauden presondegiak, zergatik sartzen dugun hainbeste jende jakinez kartzelak ez duela pobrezia konpontzen, ze barnean beti-beti pertsona bertsuak sartzen dira, miserian daudenak.

Eta familia dutenak halaber…

Hain zuzen. Beste ahaztuak presoen familiak izaten dira. Inoiz ez dira ikusten. Alta, prezio itzela ordaintzen dute. Askotan bakarrik dira eta beren inguruari ezkutatzen diote pairatzen duten errealitatea, lotsagatik edota beraiek ere baztertuak ez izateko. Norbait preso delarik familian, dena aldatzen da, dena horren inguruan antolatzen da. Euskal Herrian preso politikoen egoera dela-eta, hori ondo ezagutzen da. Halere, nabarmendu behar dut Genepirentzat preso guztiak politikoak direla. Jendea espetxean sartzea ekintza politiko bat da, erabaki politiko batzuk daude atzean nor kartzelatu eta nor ez finkatzen dutenak. Gero, badakigu ez dela gauza bera preso politiko edo preso politizatua izatea, hau da, kontzientzia edo helburu politikoa duen preso bat izatea, baina guretzat, oro har, denak politikoak dira. Hau argi utzita, esan behar dut ere, Euskal Herriko taldea garen neurrian, gure sareko beste taldeetan euskal preso politikoen arazoa eta gaia azaltzen saiatzen garela, ez baitute apenas ezagutzen egoera hori.

Urte batzuetako etenaren ondoren, Baionan Genepi taldea berreratu duzue berriki.

Bai. Hiruzpalau urtez desagertu egin zen. Bost lagun gara orain, gehienak gazteak eta normalean Genepin soilik ikasleak aritzen badira ere, gure taldean bi bakarrik gara ikasle. Ez dugu uste lan honetarako ikasle izatea baldintza izan behar denik. Hilabetero, azken asteazkenetan zinema eztabaida egiten dugu Zizpa gaztetxean eta orain “Presondegien Udaberria” kanpaina indartsua antolatu dugu, martxoaren 28tik apirilaren 27ra. “A l’ombre de la République” [Errepublikaren itzalpean] filmarekin eta ondorengo eztabaidarekin hasiko dugu. Presoen inguruan lan egiten duten zenbait talde (OIP, Etxerat...) gomitatu ditugu eta bereziki, lekuko politikari batzuk ere bai. Espero dugu etorriko direla, ze gai honetan badute gauzak egiteko aukera, esaterako, diputatuak edozein unetan sar daitezke edozein espetxetan baina ahalmen hori ez du ia inork erabiltzen. Beraz, haiek ere sentsibilizatzeko balioko duela espero dugu.

Horrez gain, biziki pozik gara bi pertsona oso interesgarri jitea lortu dugulako. Bata Mathieu Rigouste soziologoa da, eta hitzaldia emango du [apirilaren 7an, 16.00etan, Zizpan] oso ondo menperatzen duen Poliziaren dominazio eta segurtasunaren negozioari buruz. Bestea, Audrey Chenu da [hilaren 14an, 17.00etan, La Rue en Pente liburu dendan]. Emazte oso interesgarria, gaztetatik ezagutu zuen pertsonalki espetxea. Emakumeen espetxeetako unibertso bortitzaz, haien problematikaz, baita ere emakume presoen arteko elkartasunaz liburua idatzi du. Jakin behar da Frantzian emakumeen kartzeletan ez dela gizonik, funtzionarioak ere emakumeak dira. Bera feminista da, irakasle bilakatu da espetxetik atera ondoren eta gogoeta egiten du feminismoaren eta kartzelaren inguruan, ze oro har espetxearen unibertsoa ezezaguna bada, zeresanik ez emakume presoen kasuan! Esaterako, kartzelan dauden emazte askok hilekoa galtzen dute. Horrek aski argi adierazten du zein bortitza eta gogorra den unibertso hori.

Sekula aipatzen ez den beste gai bat ere ukituko duzue, sexua eta kartzela…

Hori beste tabu bat da Estatu frantsesean. Kartzela gehienetan harremanak edukitzeko eskubiderik ez da, eta hori existituko ez balitz bezala jarduten da baina, egiaz, zailtasun eta oztopo guztiekin, bisitetako kabinetan eta baita ere presoen artean gertatzen dira. Ezkutatzen den errealitatea da. Ofizialki ez da existitzen. Gai honi buruz, mahai informatiboa jarriko dugu Baionako fakultatean apirilaren 12an. Urtero gai baten inguruan egun bat antolatzen du fakultateak eta aurten «sexua eta progresoa» hautatu dute. Espetxe alorrean ez gara, zinez, progresoan baina tira, hor izango gara informatzen.

Beste ekimenik?

Zinema eztabaida apirilaren 25ean, 19.30ean Zizpan. “Faites sortir l’accusé” filmak kondena luzeen gaia aztertzen du, 30 urte espetxeratua daraman eta hiesa duen gizon baten istorioa kontatzen du. Zinemagilea eta presoaren emaztea bertan izango dira. Gero bada ere Mont-de-Marsaneko presoen lanen erakusketa apirilaren 9tik 20ra, fakultateko liburutegian. Eta 27an, hilabeteko jarduera amaitzeko, elkarretaratzea egingo dugu Baionako espetxe aitzinean, 14.00etan presoen senide eta lagunei gure sostengua adierazteko. Arratsean, 21.00etan elkartasun gaualdia izango da Salud Kafean. Ekimen hauek guztiak gure Facebook edo Twitter kontuetan kontsulta daitezke (Genepi Bayonne). Aurtengoak frantsesez izango dira baina datorren urterako euskarazko berehalako itzulpenak antolatzeko aukera aztertzen ari gara.