naiz
Donostia

Bi gizon atxilotu dituzte Donostian, emakume bati sexu erasoa egin eta poltsa lapurtzeagatik

24 eta 26 urteko bi gizon atxilotu dituzte Donostian, emakume bati sexu ukituak eta poltsa lapurtzea leporatuta. Bart, Donostiako Kontxa pasealekuan eman zen erasoa. Ertzainzak jakinarazi duenez, gazteena 15 aldiz atxilotu dute.

Ertzaintzaren agenteek 24 eta 26 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte bart, Donostian, abusu sexualen delitu bat eta indarkeriaz egindako lapurreta egotzita. Atxilotuek ukitu sexualak egin zizkioten emakume bati eta poltsa ere lapurtu zioten, Lakuako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Asteartean, 22:15ak aldera, bi gizon Kontxako pasealekuan zegoen emakume bati gerturatu zitzaizkion. Horietako batek sexu ukituak egin zizkion eta musua ematen ere saiatu zen, emakumeak ondoren salatu zuenez. Era berean, gainean zeraman poltsa ostu zioten. Une horretan, bikote bat gerturatu zen, laguntza behar zuen galdetuz, eta bi gizonek ihesari ekin zioten.

Handik minutu batzuetara Ertzaintzaren patruila bat heldu zen eta neskari laguntza eskaini zion. Bien bitartean, beste ertzain batzuek bi gizonezkoak aurkitu zituzten Los Relojes delako inguruan. Lapurturiko poltsa handik hurbil zegoen, lurrean botata.

Atxilotzen duten hamabosgarren aldia

Hori guztia zela, 24 eta 26 urteko bi gizonezkoak atxilotu egin zituzten. Jakinarazi dutenez, Polizia aurrekariak dituzte biek, eta gazteena 15 aldiz atxilotu du Ertzaintzak. Biak epaitegiera eraman dituzte asteazken honetan.