NAIZ
IRUÑEA

Espetxe politikaren kalteez ohartarazi du Sarek, Osasunaren Nazioarteko Egunean

Larunbat honetako Osasunaren Nazioarteko Egunaren karietara, larriki gaixo dauden presoen egoera gogora ekarri du Sarek eta «euskal presoen osasunean bereziki eragiten duten funtsezko bi faktore» nabarmendu ditu: ezartzen zaizkien salbuespeneko neurriak eta kartzeletako osasun baldintza «kaskarrak».

Espetxe politikaren kalteez ohatarazteko pankarta erraldoia zintzilikatu dute. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Espetxe politikaren kalteez ohatarazteko pankarta erraldoia zintzilikatu dute. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Iruñeko ospitalean egindako elkarretaratze batekin, larriki gaixo dauden euskal presoen egoeraz ohartarazi du Sarek, gaur Osasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta. Bilbon ere eskuorriak banatu dituzte.

Azpimarratu dute bi direla «bereziki euskal presoen osasunean eragiten duten funtsezko faktoreak». Alde batetik, salbuespeneko espetxe politika salatu dute: «isolamendua, zigorraren luzapena eta urruntze politikak preso dagoen pertsonaren osasun egoeran eragin zuzena dute, ezegonkortasuna, arazo sikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak... sortzen ditu». Gainera, gaixo diren presoen kasuan, eritasunari aurre egiteko aukerak murrizten dituela azaldu dute. 

Horrez gain, espetxeetako osasun baldintza «kaskarrak» ere izan dituzte hizpide. «Espetxeak berak, instituzio gisa, hala nola zentroak, medikuen jarrerak eta baliabide faltak, osasunean eragin negatiboa izaten dute». «Espetxeek ez dute behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen», Sarek adierazi duenez.

«Politika honen ondorio larrienaren lekukoak gara, espetxean bizia galdu duten euskal presoen zerrendak gora egin baitu», esan du Sarek, Xabier Reyren kasua gogora ekarriz.

Salbuespen politika horren desagerpena aldarrikatzearekin batera, inplikaziorako deia egin diote gizarte zibilari eta eragile sozial, sindikal zein politikoei.