Binakako finaleko lehen tantoak partida izan denaren adibide garbia dira. Gozakaitz hasi du neurketa Rezustak, eta noiz eta nola sartu asmatu ezinean aritu da Elezkano. Euren hoberena eman gabe, laster aurreratu dira markagailuan Ezkurdia-Zabaleta (6-1).
Inoiz ez dute neurketan sartzerik lortu urdinek. Gainera, atzetik egin behar izan dute neurketa osoa, eta horrek erabaki okerrak hartzera eraman ditu. 12-3 jarrita, neurketa erabat hautsi dute sakandarrek, eta erakutsi dute oso gainetik zirela gaurkoan bederen.
Txapelketako neurketarik eskasena osatu du Rezustak, eta eramateko pilota mordoa galdu du. Esaterako, hiru tanto sakez egin eta 17-4 jarri dira aurretik markagailuan gorriak. Kolorerik gabeko finala izan da, atzeko koadroetan hautsi dena, bergararraren hutsei esker Zabaletaren merituei baino gehiago.
Hein batean, lortu dute markagailua itxuratzea urdinek, 18-8 jarri direnean. Baina hor amaitu da jokoa; seriotasun minimora itzuli eta aise itxi dute Bilboko Miribillan jokatu den finala Ezkurdia-Zabaletak.
Azkenean, merezitako txapela eskuratu du behetik gorako txapelketa osatuta finalean nagusitu den bikoteak (22-9). Bere lehen txapela du Ezkurdiak; Zabaletak, aldiz, Juan Martinez de Irujorekin lortua zuen bat aurrez.