Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Hamar elkarretaratze, Haranburu, Esnal eta Parot anaien askatasuna eskatzeko

500 lagunek hartu dute parte Xistor Haranburu, Jakes Esnal eta Ion eta Kepa Paroten askatasuna eskatzeko Ipar Euskal Herriko hamar puntu ezberdinetan egin diren elkarretaratzeetan. Antolatzaileen arabera, 250 kartel itsasi dira errepide bazterretan eta beste 250 kartel jarri dituzte errepide ertzetako zutoinetan.

Biribilguneetan egin dituzte elkarretaratzeak. (Haritz LARRAÑAGA)
Biribilguneetan egin dituzte elkarretaratzeak. (Haritz LARRAÑAGA)

Espetxean 29 urte betetzera doazen Xistor Haranburu, Jakes Esnal, zein Ion eta Kepa Paroten askatasuna eskatzeko aldarriak Baiona eta Donibane Lohizune artean diren hamar biribilgune eta bidegurutze nagusiak hartu ditu goizeko hamaiketatik hasi eta eguerdia bitartean. Gaur ez zen mobilizazio honen berri izan ez duenik Lapurdiko kostaldean, milaka auto gidari eta oinezkok ikusi baititu errepideetan ziren kartelak eta multzotan pilatuta ziren manifestariak.

Jarraipen desberdina izan du Bagoaz kolektiboak egindako deialdiak, errotonda batzuetan jende andana zegoen eta beste batzuetan gutxiago, baina edonon ikus zitezkeen peto berde fosforeszentea soinean, kartelak eusten zituzten lagun multzoak edo errepideetako leku estrategikoetan pankartak jartzen ari ziren lagunak. 

Antolatzaileek emandako datuen arabera, orotara 500 lagunek hartu dute parte, 250 kartel itsatsi dira bidean eta Esnal, Haramburu eta Parot anaien beste 250 argazki jarri dituzte errepide ertzetako zutoinetan. Emilie Martin, Bagoazeko bozeramaileak ekimena balorazio «oso positiboa» egin du, bere hitzetan, «parte hartze zabal honek presoen egoera desblokeatzeko nahia badagoela frogatzen» duelako.

Hurrengo mobilizazio handia ekainaren 16an izango da Baionan. «Presoak etxera izango da lema nagusia, zeren hurbilketa batzuk izan dira, eta hori gauza ona da, baina Haramburu, Esnal eta Parot anaiak, zein haien kasuan bezala legedia aplikatuta kalean egon daitezkeenak, lehenbailehen kaleratu behar direla uste dugu», argitu du Bagoazeko bozeramaileak.