NAIZ
DONOSTIA

«Errespetua» eskatu dute ehiztariek, baita ehizatzeko «askatasuna» ere

«Legezkoa eta ingurumenaren onerako» dela iritzita, milaka ehiztari manifestatu dira igande honetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan. «Errespetua» eskatu dute ehiztarientzat, baita ehizatzeko «askatasuna» ere.

Milaka lagun elkartu dira igande honetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan Ehiztarien Federazioak deitutako manifestazioekin bat eginez, EiTBk jaso duenez.

Donostiakoan, esaterako, 10.000 lagun bildu dira antolatzaileen arabera, ‘Euskadin ehiza bai’ lelopean. 27 urtetan ehiztariek Gipuzkoako hiriburuan egindako lehen manifestazioa izan da gaurkoa, eta Miguel Lazpiur Ehiza Jasangarria eta Biodibertsitatea Fundazioaren presidenteak irakurri du amaierako agiria.

Sare sozialetan ehiztariek pairatzen dituzten «irain eta mehatxuak» salatu ditu, eta esan du ehizak ingurumena «babesten» laguntzen duela, bai eta landa-guneetako ekonomia «berpizten» ere.

Ehizatzeko eskubidea aldarrikatu du, ehizan «askatasunez» jarraitzeko.

Bilbon ere ehunka ehiztari elkartu dira, Arriaga plazan, Bizkaiko eta Arabako ehiza-federazioek deituta. ‘Ehizari bai. Bizimodua da’ izan da hauek hautatu duten leloa, eta elkarretaratze zaratatsua egin dute. Javier Barona Bizkaiko Ehiza Federazioko presidenteak iragarri du euren aldarrikapenak helaraziko dizkietela Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailari.

Gasteizen eta Iruñean ere egin dituzte elkarretaratzeak.