GARA

ETA-K EUSKAL HERRIARI: ERAGINDAKO KALTEARI BURUZKO ADIERAZPENA

ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, bere ibilbide armatuan eragindako kaltea onartu nahi du adierazpen honen bitartez, eta bere konpromisoa azaldu gatazkaren ondorioak behin betiko atzean uzteko eta halakorik berriro ez errepikatzeko.

Hamarkadotan sufrimendu asko egon da gure herrian: hildakoak, zaurituak, torturatuak, bahituak edo erbestera joan behar izan dutenak. Gehiegizko sufrikarioa. Eta ETAk samin horretan izandako ardura zuzena onartzen du, eta halakorik inoiz ez zuela gertatu behar edo ez zela denboran hainbeste luzatu behar adierazi nahi du, gatazka politiko eta historikoak konponbide demokratiko bidezkoa aspaldi behar zuen-eta. Izan ere, ETA jaio aurretik samina zen nagusi gure herrian, eta ETAk borroka armatua utzi ostean ere oinazeak segitzen du. Gernikako bonbardaketaren ondorengo belaunaldiok bortxa eta arrangura hura heredatu genuen, eta guri dagokigu ondorengo belaunaldiek oso bestelako etorkizun bat jasotzea.

Kontziente gara borroka armatuaren garai luze honetan samin handia eragin dugula. Konponbiderik ez duen kalte asko ere. ETAren ekintzek eragindako hildako, zauritu eta biktimei, gatazkaren ondorioz kaltetuak izan diren heinean, errespetua agertu nahi diegu. Zinez sentitzen dugu.

Akatsen ondorioz edo akats izan diren erabakiak hartu izanaren ondorioz, gatazkan parte-hartze zuzenik ez zuten biktimak ere eragin ditu ETAk, bai Euskal Herrian bai Euskal Herritik kanpo. Badakigu, borroka armatuaren mota guztietako beharrek bultzatuta, inolako erantzukizunik ez zuten hainbat herritar kaltetzera eraman gaituela gure jardunak. Atzerabiderik ez duten kalte larriak ere eragin ditugu herritarren artean. Haiei eta haien senideei barkamena eskatzen diegu. Hitz hauek ez dute gertatutakoa konponduko, ez eta mina arinduko ere. Begirunez diogu, berriro ere inolako atsekaberik sortu nahi gabe.

Ulertzen dugu askok guk egindakoa onartezina eta bidegabea izan dela ustea eta adieraztea, eta errespetatzen dugu, inori ezin baitzaio behartu pentsatu edo sentitzen ez duena esatera. Estatuaren indarrek zein hauekin batera jardun duten indar autonomistek egindako asko eta asko ere, legearen mozorroa erabili arren, erabat injustua izan da euskal herritar askorentzat, eta horiek ere ez dute umiliaziorik merezi. Bidezko kalte txalogarririk izan dela ulertu beharko genuke bestela. ETAk, ordea, beste jarrera bat du: oxala ez balitz halako ezer inoiz gertatu. Oxala askatasuna eta bakea aspaldi errotu izan balira Euskal Herrian.

Inork ezin du iragana aldatu, baina iragan hori desitxuratzea edo zati batzuk ezkutatzen saiatzea litzateke oraintxe etorkizunari begira egin ahal den gauzarik okerrenetakoa. Onartu dezagun guztiok izandako ardura eta eragindako mina. Ikuspuntu eta sentipen berberak ez izan arren, denok besteek ere izandako sufrimendua aitortu behar dugu, begirunez. Horixe adierazi nahi du ETAk.

Etorkizunari begira, hain zuzen ere, berradiskidetzea da Euskal Herrian egin beharreko lanetako bat, maila askotan zintzotasunez herritarren artean jadanik egiten ari dena. Beharrezko ariketa da egia modu eraikitzailean azaleratzeko, zauriak sendatzeko eta halako sufrikariorik berriro gerta ez dadin bermeak eraikitzeko. Gatazka politikoari konponbide demokratikoa emanez Euskal Herrian bakea eraiki eta askatasuna lortu ahalko dira. Gernikako sugarrak betirako amatatzeko.

Euskal Herrian, 2018ko apirilaren 8an

Euskadi Ta Askatasuna ETA