Gaur goizeko lehen orduan eraman dute Gasteizko guardiako epaitegira joan zen ostiralean bere emazte ohia eta haren ama hiltzea egotzita atxilotu zuten gizonezkoa. Han, Emakumearen Gaineko Indarkeriaren arloko Epaitegira bideratu dute eta honek gizona espetxeratzeko agindu du, bi giza hilketa delitu, jabetzaren gaineko kalteak eta sutea eragitea leporatuta
Epaileak ebazpenean dioenez, egozten zaizkion delituen «larritasuna» kontuan hartuta eta ihes egin ez dezan hartu du kartzelara bidaltzeko erabakia.
Espetxeratzeaz gain, emazte ohiarekin zituen bi seme-alabengana gerturatzea eta haiekin hitz egitea debekatu dio gizonari.
Krimenak joan zen ostiralean gertatu ziren Gasteizko Lakua-Arriaga auzoan, atxilotuaren emazte ohia bizi zen etxean. Senarrak, ustez bi emakumeak hil ondoren, etxeari su eman zion, leihora atera zen eta zortzigarren solairutik jauzi egin zuen. Behean suhiltzaileek aurretik ezarri zuten koltxonetaren gainean erori zen eta, zaurituta, Santiago ospitalera eraman zuten. Han atxilotu egin zuen Ertzaintzak.
Larunbatean, zauri larririk ez zuenez, senda-agiria eman ziote eta komisaldegira eraman zuten. Atzo berriro ospitalera eraman zuten, jateari eta edateari uko egin ziola-eta, baina medikuek bere osasun egoera ona zela baieztatu eta atzera komisaldegira eraman zuten, gaur goizera arte.
Gaur arratsaldean Bilbon, Donostian eta Iruñean burutu dira elkarretaratzeak, Emakumeen Mundu Martxak deituta.