naiz

Araba, Bizkaia eta Nafarroako 23 udalerritan herri galdeketak egingo dituzte igandean

Araban Artziniega, Okondo, Aiara, Amurrio, Laudio, Zuia eta Zigoitian, Bizkaian Igorre, Lezama, Zamudio, Gueñes, Gordexola eta Portugaleten eta Nafarroan Doneztebe, Donamaria, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Legasa, Deierri, Lezaun eta Oteizan etorkizuna eta burujabetzaren inguruko galdeketak eginen dituzte igande honetan, maiatzak 6. 90.000 pertsona inguruk dute bozka emateko aukera.

Tolosaldean egindako galdeketa. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Tolosaldean egindako galdeketa. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Datorren asteburuan Araba, Bizkaia eta Nafarroako 23 udalerritan herri galdeketak antolatuko dituzte Euskal Herriaren etorkizunaren inguruan. Orain arte 180 herritan egindako galdeketetan ia 177.000 lagun mobilizatu dira eta igandean beste 90.000 pertsona inguruk izango dute bozkatzeko aukera, behin behineko errolda datuen arabera.

Araban Artziniega, Okondo, Aiara, Amurrio, Laudio, Zuia eta Zigoitian jarriko dituste hautestontziak. Bizkaian, aldiz, Igorre, Lezama, Zamudio, Gueñes, Gordexola eta Portugaleten. Nafarroan, bestetik, Doneztebe, Donamaria, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Legasa, Deierri, Lezaun eta Oteizako bizilagunek izanen dute bozkatzeko aukera.

Etorkizuna eta burujabetza oinarri, udalerri bakoitzak galdera adostu egin du. Hauteslekuak 09:00etan irekiko dira eta 20:00ak bitarte izanen da bozkatzeko aukera, eta herri hauetako biztanle diren eta maiatzaren 6an 16 urteak beteak dituen pertsona orok eman dezake bozka.

Ohar baten bidez Gure Esku Dagok azpimarratu duenez, «galdeketaren antolaketa eta jarduera guztiak juridikoki bermatuak egongo dira maiatzaren 6an. Galdeketen protokoloak jasotzen dituen baldintza horiek beteko direla ziurtatzeko Berme Batzordeko kideak egongo dira herri eta eskualde bakoitzean».

Webgune ofizialean argitaratuko eta eguneratuko dira parte hartze datuak egunean zehar: 13:00ean, 17:00etan eta 20:00etan. Behin betiko emaitzen jakinarazpena 22:00ak aldera egitea aurreikusten da.