Maiatzaren Lehenarekin jaio da Plaza Hutsa ekimena. Euskal Herriak behar duen «bultzada komunitarioaren bilaketan» ekarpena egin asmoz sortu da espazio ireki eta dinamikoa izan nahi duen plaza.
Irati Jimenez kazetari eta idazlea izan da oholtza estreinatzen lehenengoa. Aitziber Campionen eskutik, euskal identitateaz, epikaz, feminismoaz zein kulturaz egin du gogoeta. Atzetik etorriko dira, Izaskun Garcia, Amets Arzallus, Txomin Poveda, Nora Salbotx, Manex Agirre, Lur Albizu, Saioa Iraola, Carlos Askunze, Igor Arroyo edo Jule Goikoetxea.
Euskal herrigintzaz gogoeta egiteko plaza birtuala da Plaza Hutsa egitasmoa. Herrigintza garai berri bati ekarpenak egiteko eta ezkerreko independentismoa herrigintzan trebatzeko eskola izateko xedez jaio da. Begirada asko «nahasi» nahi dituzte plaza honetan, beti ere, herrigintza aro berri bat pentsatu eta gorpuzteko ahaleginari ekarpena egin asmoz.
Parte hartzailea izan nahi du ekimenak eta hortaz, ikusleei ere parte hartzeko bideak eskainiko dizkiete. Horretarako elkarrizketen ostean galdera gehiago eta iruzkinak egiteko aukera zabalduko da eta elkarrizketatuak hauei guztiei erantzuten ahaleginduko dira. Irati Jimenezi galderak egiteko adibidiez, maiatzaren 4a bitarteko epea dago, www.facebook.com/plazahutsa helbidean galderak eta iruzkinak egiteko aukera dago, bideoaren iruzkinetan, eta Jimenezek guztiei erantzuna emango die hurrengo astelehenean Facebooken bertan eta www.plazahutsa.eus webgunean.