naiz

Euskal Herriak dituen erronkak eztabaidatzeko foroak antolatu ditu Eusko Ikaskuntzak

Ongizate eredua, pertsonen ekonomia, Euskal Herriko kokapena mundu globalizatuan, euskal lurraldeen arteko artikulazioa, hedabideen papera, etorkizuneko euskara edo lurralde eta gizarte kohesiorako elementuen inguruan hausnarketa eta eztabaidak antolatuko ditu Eusko Ikaskuntzak Hego Euskal Herriko hiriburuetan datozen asteetan.

Eusko Ikaskuntzak Hego Euskal Herriko hiriburuetan hainbat Gizarte Foro eta mintegi antolatu ditu datozen asteetarako.Ekimena Geroa Elkar-Ekin prozesuaren baitan kokatzen da. Orain dela hiru urte Eusko Ikaskuntzak bultzatu zuen eta, orain arte, 600 pertsona baino gehiago mugitu dituela jakinarazi dute ohar baten bidez. «Helburua euskal komunitateek XXI. mendean duten erronka eta aukera nagusien aurrean hausnatu eta gauzatzeko proposamenak lantzea da», jakinarazi dute.

Gizarte Foroetara lurralde eta eremu guztietako gizarte eragileak daude deituta daude. «Xedea prozesuan zehar nabarmendutako gako, galdera eta lehentasun nagusien inguruan elkarrekin hausnarketa burutzea da», gehitu dute.

Egingo den Gizarte Foroetako lehenengoa Bilbon izango da datorren asteartean, maiatzak 8, sozio-ekonomiaren alorrekoa. Gaia Ongizate eredua izango da. Foro honetan, besteetan egingo den bezala, Liburu Berdea izango da abiapuntua, hots, aurreko faseetan bildutako diagnostiko eta klabeak. Bizkaitar hiriburuan hilaren 17an elkartuko dira berriz ere, lurralde estrategiaren inguruan aritzeko, eta ekainaren 7an enpresa eta lan harreman ereduak hizpide.

Euskal lurraldearen kohesio politikoa eta demokratizazioa izanen dute ardatz Donostian, maiatzaren 24an. Iruñean, aldiz, hilaren 28an eta ekainaren 13an bilduko dira. Lehenbizikoan aniztasuna eta kohesio bideen inguruan arituko dira, eta bigarrenean hedabideak izanen dira protagonista. Gasteizen, bestetik, ekainaren 8an euskararen etorkizuneko agertokiak aztertuko dituzte.

Metatze eta biltze prozesu guztiak Liburu Zurian jasoko du bere emaitza, azaroan egingo den Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuan aurkeztuko dena. «Beti ere, etorkizuneko Euskal Herriko lurralde eta gizartearen kohesioa eta elkarkidetza elkarrekin eraikitzeko proposamenak eta eszenatokiak jasotzeko helburuarekin».