NAIZ
IRUÑEA

Hezkuntzako murrizketak leheneratzea eskatu dute Iruñean

Sektoreko mahaian ordezkaritza duten sindikatu denek deituta ehunka herritarrek hezkuntza eremuan ezarritako murrizketak leheneratzea eskatu dute. «Kalitateko eskola publikoaren alde. Murrizketarik ez, akordioa orain» zioen pankarta eraman dute LAB, Steilas, ELA, Afapna, CCOO, UGT, ANPE, CSI-F eta APS sindikatuetako ordezkariek.

Manifestazioaren amaiera Gaztelu plazan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Manifestazioaren amaiera Gaztelu plazan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Akordioa eta ezarritako murrizketak leheneratzea eskatu dute arratsaldean ehunka lagunek Iruñean. Hezkuntza sektoreak ordezkaritza duten sindikatu guztiek egin dute bat «kalitateko eskola publikoaren alde» leloaren bueltan.

LABeko Alberto Goikoak eman ditu manifestazio hasieran gaur kalera eraman duten aldarriaren berri. Besteak beste, irakasle/ikasle ratioa murrizteko beharra azpimarratu du, eskola-orduen gutxitzea eta ordezkapenak berehala egiteko beharra. Gainera, baliabide ekonomiko gehiagoren beharra azpimarratu du Goikoak, «gutxieneko oinarri normalizatu eta egoki batetik abiatuko den kalitatezko hezkuntza» behar dela azpimarratu du, «hori da eskatzen duguna, bilatzen duguna, horretarako ari gara lanean eta orain gizarteari helarazten diogu; horren gainean jardun nahi dugu aurrerantzean». 

Autobus geltoki zaharretik abiatu da manifestazioa 18.00tan eta Gaztelu plazan amaitu da. Deitzaile eta bat egin dutenen artean pankarta eta mezu ezberdinak izan dira.