NAIZ +

Haurrek badute bere Wikipedia partikularra

8-13 urte bitarteko umeentzako euskarazko entziklopedia da Txikipedia, Wikipedia baino irakurterrazago eta ulergarriagoa.

Txikipedia atariaren irudia.
Txikipedia atariaren irudia.

Euskal Wikipedia irakurterrazagoa eta ulergarriagoa izan dadin, umeentzako txoko berezi bat du eta Txikipedia du izena. Zortzi eta hamairu urte bitarteko haurrei zuzendua dago Txikipedia eta haiei egokituta idatzi nahi dute eduki guztia, bai gaien aldetik eta baita lexiko eta sintaxi aldetik ere.

Abiatzerako 1.000 sarrera ditu proiektuak, izan ere, haur eta gaztetxoentzat frantses Estatuan sortutako Vikidia proiektuan zegoen materiala euskaratu eta Txikipedian txertatu dute.

Neurri handi batean, haurrek eskolan dituzten beharretan lagungarri izan nahi du Txikipediak. Izan ere, etxerako lanak egiteko orduan adin tarte horretako erabiltzaileak entziklopedia askean ia egunero sartzen direla ikusi dute, Wikipedia haur eta gazteen erreferentzia nagusietako bilakatuz. Alta, sarriegitan bilatzen duten materiala aurkitu ez edo artikulu luze eta konplexuegiak topatzen dituzte Wikipedian. Txikipedia lagungarri izango da bide horretan.

Hala ere, helburu bakarra ez da eskolako beharretan laguntza eskaintzea, edonori euskarazko edukia modu ulergarri eta samurrean eskaintzea baizik.

Hemendik aurrera, ikasle eta irakasleen parte-hartzea izatea espero dute, bai egitasmoa hedatzeko zein edukia gehitzen joateko. Hala eta guztiz ere, Txikipedia wiki proiektuan edonork parte har dezake, artikuluak idatziz, aldatuz edo osatuz, informazioa gehituz edo zuzenduz. Horretarako kontua ireki beharra dago.