Gotzon ARANBURU

«San Juan» bukatzen

Lau urte igaro dira eta pabiloi huts bat zena beteta dago, «San Juan» baleontziak beteta. Ez dago bukatuta baina ondo ikusten da zer-nolako egitura daukan. Uretaratzen dutenean, munduari lehenengo bira eman zion «Victoria» eraikitzeko asmoa du Albaolak.

Pasai San Pedroko kaskotik Albaolara joateko bide zatia estua eta irregularra da, eta zabaltzen ari dira langileak. Hondeamakinak lanean ari diren bitartean txalupan joan beharra dago faktoriaraino. Obrak bukatutakoan errazagoa izango zaie bisitariei “San Juan” ontziaren lanak bertatik bertara ikustea; gaur ere mordoa dabil, asko familia osoak, gidariek hainbat hizkuntzatan ematen dituzten azalpenak entzuten. “Tour” moduko bat da, hasi erakusketatik, segi tailerretatik, eta “San Juan” bertatik bertara ikusteraino. Besoa luzatuz gero, ukitzeraino ere bai. Izenak dioen bezala, hau ez da ohiko museo bat, baizik eta itsas kultur faktoria bat, eta hemen lanean ari diren arotzak buru-belarri ari dira oholak mozten, limatzen edo josten, bisitariak gertutik begira izatera ohituta baitaude dagoeneko.

Xabier Agote Albaola Fundazioaren presidentea da. Hasiera-hasieratik dago proiektu honetan –2000. urtean hasi zen Pasai Donibaneko tailer batean txalupak egiten– eta gutxik bezala ezagutzen ditu Albaolaren historia eta “San Juan” ontzia, bai XVI. mendeko hura eta bai gaurkoa. Berak esanda dakigu hogeita hiru arotz ari direla lanean baleontzian, horietako zazpi profesionalak, beste batzuk munduko hainbat herrialdetatik etorritako ontzigintza ikasleak dira, eta beste mordo bat boluntarioak, bertakoak eta atzerrikoak. Azken hauen artean, Greziatik, Faroe irletatik, Estatu frantsesetik, Belgikatik eta Ameriketako Estatu Batuetatik etorritakoak daude egunotan.

Ontziaren kubiertetan ari dira orain lanean arotzak. Burgosetik idiekin ekarritako alkitrana erabiltzen dute juntura guztietan, inpermeabilizatzeko. Elkarlanean aritzen dira Albaolakoak eta Quintanar herrikoak: hemen behar dugun alkitrana hango mendietako labeetatik ateratzen da, duela bost mende gertatu bezalaxe.

Era berean, mastak izango diren izeiak mozten hasita daude Zaraitzuko basoetan. Horiek ezarritakoan uretaratzeko moduan izango da baleontzia, bidaiatzeko prest, XVI. mendean bezala, munduan balea ehizatzen zuten bakarrak euskaldunak ziren garai hartako moduan. Bakailaotan ere beste inor gutxi aritzen zen oraindik. Eta Euskal Herriko ontzioletan egiten ziren orduko ontzirik teknologikoki aurreratuenak, bai arrantzarako eta bai bidaiatzeko, ozeanoak zeharkatzeko. Elkanoren eta Urdanetaren izenak ere mende hartan sartu ziren historian, itsasgizon eta esploratzaile apartak izaki.

Pasaiak historian zehar izandako garrantzi handia berreskuratzen lagundu nahi du Albaolak, orain “San Juan” baleontziaren eraikuntzarekin eta etorkizunean beste proiektu batzuekin. Dagoeneko, nolabait esan, «itsas ondarearen mapan» azaltzea lortu du; 55.000 bisitaritik gora pasa ziren iaz itsas kultur faktoriatik, eta nazioarteko ehunka ikasle, boluntario eta aditu, aldiz, joandako lau urteotan. Bide batez, esan behar da bisitari multzo horrek erositako sarrerek, eta babesle pribatuek –enpresek batez ere– emandako diru laguntzek itsas kultur faktoriaren aurrekontuaren %60 betetzen dutela. Urtean 900.000 euro ingurukoa da aurrekontua.

Ahaztutako itsas historia

Baina badu arantza bat Agotek, euskaldunok itsasoa albo batera utzi dugula uste baitu, gure herri iruditeria osatzerakoan. Lehorreko Euskal Herria, baserriak, artzainak, historiaurrea, mitologia… horiek denak ikertu eta balioan jarri zituzten Joxe Migel Barandiaranek eta bere jarraitzaileek, baina itsasoari lotutako Euskal Herriak zori hori ez duela izan irizten dio Xabierrek. «Itsas historia izugarria daukagu atzean, baina egungo gizarteak ez du horren berri. Hementxe, Pasaian, egiten ziren munduko ontzirik onenak, eta hemendik irteten ziren euskal baleazale espediziorik handienak, eta inor gutxi jabetzen da horretaz», diosku.

Asmo eta helburu hori jarrita, Albaola ari da bere ekarpena egiten. Baita lanpostuak sortzen ere. Hogeita hiru langile daude hemen soldatapean, arotzak, gidariak, komunikaziokoak, administraziokoak… kontatuta. Itsas ondareari dagokionez erreferentzialtasuna hartzen ari da Pasaia nazioartean. Baina kirolean bezala, kulturaren munduan ere zailena ez da iristea, goian mantentzea baizik. Eta “San Juan” ontziaren eraikuntza azken txanpan sartzen hasi denez, proiektu berriak bilatu behar Albaolan. Instalazio hauek, eta batez ere hemen metatzen joan den know-how guztia aprobetxatu beharra dago, erabili beharra. Eta zer egokiago horretarako bigarren ontzi bat egitea baino. Juan Sebastian Elkanoren “Victoria” ontzia izan daiteke aukeratua.

Munduari bira osoa eman zion lehenengo ontzia izan zen “Victoria” naoa, Juan Sebastian Elkano getariarra kapitain zuela. 1519an hasi zen espedizioa, Fernão de Magalhães portugaldarra buru zuela eta Gaztelako Karlos I.a erregeak finantzatuta. Bost ontziko eskuadra abiatu zen Sevillatik. Horietako bat hondartu egin zen, beste bat itzuli egin zen bide erdia eginda, hirugarrena erre egin zuten Filipina irletan, eta beste bat portugaldarrek bereganatu zuten. Magalhães Filipinetan hil zuten. “Victoria” bakarrik iritsi zen munduari bira osoa –75.000 kilometroko bidaia– eginda Sevillara, 1522ko irailean. Abiatutako 239 gizonetatik 18 bakarrik itzuli ziren, horien artean Juan Sebastian Elkano, Juan Acurio bermeotarra, Juan Arratia bilbotarra eta Juan Zubileta barakaldarra.

Beraz, oraintxe beteko dira bost mende gertaera historiko hartatik. Eta, gainera, jakina da “Victoria” ontzia Euskal Herrian egindako ontzia zela. Bi faktore hauek uztartuta, ezin egokiagoa dirudi nao hura berriro eraikitzeko ekimena. Zer-nolako ontziaz ari gara mintzatzen? Bada, ez zen oso handia, ez “San Juan” baleontzia baino handiagoa. “San Juan”-ek 245 tonako edukiera bazeukan, “Victoria”-k 85 tonakoa besterik ez zeukan. Luzeran antzekoak ziren, baina “Victoria”-k ez zuen “San Juan”-en «sabel» handi hori, bere helburua ez baitzen balea-gantzez beteta itzultzea. «Kontuan izan behar da garai hartan, esplorazioak egiteko, ontzi txikiak nahiago zituztela, kostaldean erraz ibiliko zirenak, urpeko harkaitzekin talka egin gabe. Gerora munduari bira gertatuko zen espedizioak hasieran Moluka irletara iristeko bidea aurkitzea zuen helburu, ez besterik, hango espezieak eskuratzeko. Ondoren, bidaian izandako gorabeherak direla medio, munduari bira osoa eman beharrean suertatu zen Elkano», azaldu digu Agotek.

Planorik gabe

Kontua da, “San Juan”-ekin gertatzen zen bezala, “Victoria”-ren planorik ez dagoela, garai hartan ontziak plano grafikorik gabe egiten zirelako. Elkanoren ontzia berreraikitzeko itsas arkeologoak, historialariak eta bestelako adituak ari dira lanean, bai euskaldunak eta bai Kanada, Estatu frantses edo Bretainia Handikoak ere, “Victoria” nolakoa zen ahalik eta zehatzen irudikatzeko eta planoak marrazteko. Nabarmendu duenez, nazioarteko kongresua antolatu da Donostian, irailaren 5 eta 6rako, eta bertan parte hartuko dute, beste batzuen artean, Brad Loewenek, Eric Riethek, Manu Izagirrek, Marcel Pujol i Hamelinkek, Marion Delhayek, Mikel Soberonek, Toby Jonesek eta Xabier Agotek berak.

Agotek barru-barruan sentitzen du itsasoaren deia, eta euskaldun guztiok ere sentitu beharko genukeela uste du. Jakitunago izan eta harroago egon behar ginateke historian zehar gure artetik irtendakoek egindako balentriez. Ez kostaldekoek soilik, barruragokoek ere bai. Izan ere, Elkano getariarra bada ere guztien artean ezagunena, eta berarekin Blas de Lezo pasaitarra, edo Antonio de Gaztañeta eta Cosme Damian Txurruka mutrikuarrak, bada Gipuzkoako Goierriko semerik ere urrezko historia horretan: Andres de Urdaneta ordiziarra. Filipina irletatik Acapulcorainoko bidea honek aurkitu zuen, “Tornaviaje” izenekoa, eta gaur egun ere munduko itsasbiderik erabilienetako bat da.

 

Munduko itsasontzi historiko ederrena PASAIARA etorriko da

Albaolaren eginbeharra ez da ontziak egitera mugatzen. Itsas kultura, bere osoan, interesatzen zaio eta lantzen du. Eta ezagutzera ematen. Horretarako, antzeko erakunde batzuekin harremanetan dago, eta horietako bat da Estatu frantseseko Rochefort hiriko Association Hermione La Fayette. XVIII. mendeko fragata bat –“L’Hermione” izenekoa– eraikitzeari ekin zioten duela hogei urte eta jada munduko itsasoetan barrena nabigatzen ari da ontzi handi eta eder hau. “L’Hermione” originala famatua da La Fayette markesa eraman zuelako Ameriketara 1780an, independentzia gerran matxinoei laguntzera. Aurretik, 1777an, beste bidaia bat egin zuen La Fayettek Ameriketara… Pasaiatik abiatuta eta Gipuzkoan egindako armak garraiatuz. Badago plaka bat Pasaian gertakari hori gogorarazten duena. Bada, “L’Hermione”, munduko itsasontzi historiko ederrentzat hartzen dena, Pasaian egongo da hilaren 17tik 21era, beste ontzi mordo batek inguratuta, Nazioarteko Itsas Festibalaren barruan. Lehorrean musika, dantza, gastronomia eta bestelako adierazpen kulturalak izango dira.G.A.