Gasteizko gaztetxearen historia jasotzen duen liburua aurkeztu dute gaur muinoko etxean. Kontakizuna kronologikoki harilkatua dago, okupatu aurreko kanpainatik hasita, gaur eguneraino. «Dimentsio ezberdinak jorratzen saiatu gara, begirada ahalik eta integralena eman nahi genion: kanpora begirako jarduerak zein barne mailako bizitza ustez pribatua, diskurtsoak eta praktikak, ekimen propioak zein auzokideekin eta herrigintzarekin batera egindakoak, kaleratze mehatxuen aurreko kanpaina erraldoi entzutetsuak eta eguneroko lan isila, eta abar. Une goxoak eta ongi egindakoak jorratzen dira, baina baita une latzak eta hanka-sartzeak ere», azaldu dute gaztetxearen kideek eta kide ohiek komunikabideen aurrean burututako agerraldian.
Nabarmendu dutenez, «liburua idatzi, gaztetxeak berak idatzi du lehenengo pertsonan. Baina kontrazalean dioen moduan, ez da autobiografia bat. Komungrafia bat da. Komunean argitaratua izan delako; hamarnaka esku, buru eta bihotzek erditu dute. Komunean ditugun hamaika bizipen eta istorio jasotzen dituelako. Zuk eta nik, gure auzoak, gure hiriak, gaztetxe eta gune okupatuek, gure herriak. Komunetik idatzi duelako Gaztetxeak, patioko komun-zulotik. Gure genealogia ez baititu palazioak edo unibertsitateak sorburu, estoldak eta ertzak baizik».
Gaztetxeko kideek editatu egin dute liburua, eta guztira mila ale atera dituzte. Bihartik aurrera dago eskuragarri, hainbat modutan. Gasteizen, Zapateneo Kultur Gunean, Gaztetxean, Hala Bedi tabernan, Errekaleor auzoan eta Zuloa, Mara-Mara, Jakintza, Albeniz, Arlekin, eta Anegon liburu-dendetan dago salgai. Liburutegi publikoetan hartzea ere egongo da, Ignacio Aldekoa kultur-guneak zein udal liburutegien sareak maileguan eskainiko baitute. Internet bidez eskuratzeko aukera ere egongo da, eta doan deskargatzekoa.
«30 urte egin ditu gure etxetxo kuttunak, bihotzekoak. Borroka baten lekukotza eman nahi du liburu honek. Baina ez iragan eta soilik iragan den orbanik gabeko bide bezala marraztua. Kontrara. Bere argi-itzaletatik, orainaldian eta etorkizunean herrigintzan jarraitzeko ilusioen, sentsibilitateen, moduen eta arrazoien kontrabandorako erreminta bezala ulertzen dugu. Hori da gure helburu nagusia: borroka baten transmisioa egin borroka berriak elikatzeko», adierazi dute.