naiz

Sam Bennett irlandarrak Viviani garaitu du esprintean

Orain arte esprintetan nagusimendu handiz zebilen Elia Vivianik gaur ezin izan du hirugarren garaipena lortu, azken metroetan Sam Bennett irlandarrak aurreratu eta zazpigarren etapa bereganatu ostean. Sailkapen nagusian ez dago aldaketarik eta Simon Yates ingelesak jarraitzen du lider. (Sailkapenak, etapak... NAIZen webgune berezian).

Bennettek Viviani garaitu du azken metroetan. (@giroditalia)
Bennettek Viviani garaitu du azken metroetan. (@giroditalia)

Esprinterako egun berri bat zen gaurkoa, azken etapetan aldapak eta mendateak protagonista izan ostean eta gizon azkarrak azaldu dira tropel buruan azken kilometroetan. Orain arte, halako amaieretan, Elia Viviani italiarra nagusitu da, baina gaurkoan gurpila ongi hartu dio Sam Bennett irlandarrak eta azken metroetan garaitu egin du.

Bora taldeak egun txarra izan zuen atzo, Davide Formolok sailkapen nagusirako aukera guztiak Etnan gora galdu ostean, baina gaur txanponaren beste aldea egokitu zaie eta etapa poltsikoratu ahal izan dute.

Esprint nahasia izan da, talde bakar batek ere ezin izan du-eta tropel buruan garbi nagusitu. Quick-Step taldeko kideak ez dira azken kilometrora bitarte agertu eta orduan bai ongi kokatu dute Viviani. Sacha Modolok abiarazi du esprinta, honi gurpila hartu dio Viviani berak eta honen atzetik atera da Bennett, gaurkoan indartsuen agertuz.

Gainontzeko etapa lasaia izan da, hasieratik aldea hartu duen hirukote baten ihesaldiarekin. Bertan zen Markel Irizar oñatiarra, Belkov eta Ballerinirekin batera. Hala ere, Tropelak uneoro izan ditu kontrolpean eta nahi izan duenean irentsi ditu.

Gaurko etapa lauaren ostean, asteburu menditsua dator Girora. Bihar Monteverginen izango dute helmuga eta etzi Gran Sasson. Onenen artean diferentziak ikustea zaila izanen den arren, baten batek aukerak galtzea ez litzateke arraroa izanen.