Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan gaur eta biharko greba deitu duten sindikatuek emandako lehenengo datuek deialdiaren «arrakasta» erakusten du. «Berriz ere, ikastetxe gehien-gehienek ez dute ia jarduerarik izan eta horietako askotan grebak %80tik gorako jarraipenak izan dira», azaldu dute, ohar batean, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.
Sektorea «ia erabat gelditzea» lortu dutela adierazi dute. 10.000 langile zeuden grebara deituta eta 117.000 ikasleri eragin die deialdiak. Greba honen harira, manifestazio bateratua egin dute Bilbon, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan «gehiengoak duen iritzia» erakutsi duena.
Arrakasta hori «Kristau Eskolari eta gainontzeko patronalei interpelazio zuzen bezala» ulertu behar dela uste dute deitzaileek.
Ikastetxeetako pertsonalaren jarrera txalotu ondoren, zuzendaritza batzuetatik egon diren «presioak» gaitzetsi dituzte sindikatuek eta ukatu egin dute aldarrikatzen dituzten lan hobekuntzek «ikastetxeen bideragarritasuna arriskuan jartzen dutenik», patronalak «jendea desmobilizatu asmoz behin eta berriz» esaten ari direnaren aurrean.
Azkenik, gogoratu dute bihar ikasturteko hirugarren greba egingo dutela eta langileei hura babesteko deia egin diete. Mobilizazio nagusiak Bilbon (Eskolapios ikastetxetik), Donostian (Bulebarretik) eta Gasteizen (San Viator ikastetxetik) izango dira, 11.30ean hasita.