Euskal Herriak antolatuko du aurten Emakumeen Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketa; urriaren 22tik 28ra ospatuko da Bilbon, «Batu indarrak, urrutira goaz! Gure gorputzen eta luraldeen burujabetzara!» lelopean, eta bertan 40 herrialdetako 130 emakumen baino gehiagok hartuko dute parte, gaur goizean egin duten agerraldian azaldu dutenez. Urriaren 27an, berriz, eta topaketen aukera baliatuta, Euskal Herrian egun propioa antolatuko dute: Feministon Herria. Espazio irekia izango da, Bilboko Areatzan.
Nazioarteko Topaketak Euskal Herrian egitearen arrazoi nagusia da hemengo mugimendu feministak duen indarra, baita Mundu Martxak «herri honetan izan duen izaera herritarra eta aliantzak sortzeko gaitasuna».
Horrekin batera kontuan izan dute «munduko hainbat txokotatik datozen askotariko emakumeentzat leku seguruagoa dela Euskal Herria». Beste herrialde batzuetan «bizitzaren defendatzaileek, lesbianek, emakume borrokalariek...» jasaten duten jazarpenaren aldean, «hemen baditugu espazio seguru bat sortzeko baldintzak, eta horretan saiatuko gara».
Nazioarteko Topaketa urriaren 22an hasiko da, arratsaldez, ekitaldi ireki batekin. Bertara joateko gonbita egin diote «mugimendu feministako emakume oro, herri mugimenduko feminista eta, orokorrean, Euskal Herriko jendarte feministari».
Urriaren 23tik 26ra, topaketak bere egitarau propioa izango du eta herrialdeetako ordezkariak eta antolakunde aliatuetako ordezkariak Bizkaia Aretoan elkartuko dira. Testuinguru orokorraren eta honek emakumeengan duen eraginaren inguruan hausnartuko dute, eta horrekin batera V. Nazioarteko Ekintza antolatzeari ere ekingo diote.
Feministon Herria
Feministon Herriari dagokionez, «alternatiba eta erresistentzia feministak erakusteko lekua» izango dela adierazi dute. «Euskal Herriko eragile eta talde feministak euren herri eta hirietan etengabe ari dira alternatibak eraikitzen, Emakumeon Mundu Martxaren lau ekintza eremuetan: sistema arteko indarkeria, bizitzaren iraunkortasuna, gorputzak eta sexualitateak eta sarean lan egitea eta aniztasunaren kudeaketa», nabarmendu dute.
Mundu Martxaren plataforma osatzen duten sentsibilitate eta «gorputz anitzak ikusarazteko espazioa ere izango da Feministon Herria: «lesbianak, migranteak, aniztasun funtzionala duten emakumeak, emakume baserritarrak, neska gazteak eta ertzetan gaudenak, beste askoren artean».
Jardunaldi irekia irailean Iruñean
Topaketen aurretik, irailaren 28 eta 29an formazio jardunaldi irekia antolatuko dute Iruñean, sistema arteko indarkeriaren eta lurralde eta gorputzen burujabetzaren inguruan.