Arkaitz Rodriguez Sortuko ordezkariak «gogor» slaatu du Guardia Zibilak preso ohien aurka egindako operazioa eta elkartasuna adierazi di kaltetuei. «Hau da Estatuaren erantzuna ETAren amaierari. Herri hau iraganera lotuta mantendu nahi dute», adierazi du.
Euskal gizarteak «bakea nahi duenean» Estatuak «gerra egiten jarraitzen duela» salatu du. ETAren ziklo amaiera bera ere «oztopatzen» saiatu zirela ere jakinarazi du. «Orain arte publikoa ez bazen ere, jakina da Suitzako Gobernuari presioa eragin ziotela Ginebrako ekitaldia burutu ez zedin», baieztatu du.
Zentzu horretan, espainiar Estatua Euskal Herrian zein Katalunian «bere biolentzia erabiltzen jarraitzen duela» gaineratu du, «bere egitasmo politikoa inposatzeko, biolentzia gabe ez delako ezer».
Operazio honen aurrean «onena» ziklo politiko berriari «bultzada ematea» dela nabarmendu nahi izan du Rodriguezek, eta bide horretan larunbatean Miribillako ekitaldiak izango duen garrantzia berretsi du. «Bizirik, zutik eta pozik gaudela erakutsiko dugu».
LAB: «Bake eszenatoki bat oztopatzen dute»
LAB sindikatuak ere operazioa salatu egin du. «Espainiar Estatuak bake eta justizia eszenatoki bat oztopatzen jarraitzen du. Ez du urrats bakarra eman», adierazi du ohar baten bidez. Operazio hau «garaiz kanpoko erabaki bat» dela iritzi du sindikatuak.
Honen aurrean erantzuteko deia egin du LABek. «Estatuaren immobilismoari aurre egitea herri honetako eragile guztioi dagokigu, guztiok jarri beharko adostasun berriak eraikitzeko bidean». Era berean, EAJ «makulu» dela nabarmendu du, Estatuko aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa medio.