Andoni ARABAOLAZA

Iker eta Eneko Pouk Taghiako hormetan «Agur» zabaldu dute

Joan den apirilean, gasteiztarrek Taradrate paretan 10 luze eta 400 metroko proposamen berri bat sortu zuten. Eguraldi kaskarra zela-eta, ezin izan dute bidea kateatu. Zortzigarren graduko bi luze ditu.

Joan den apirilean Iker eta Eneko Pou anaiak Marokon izan ziren; Taghiako hormatzar entzutetsuetan, hain zuzen. Eta hango horma batean, Taradratekoan, aukera izan dute bide berri bat zabaltzeko. Aukera bai, baina nahiko larri ibili dira, eguraldiak ez baitie batere lagundu.

Sortutako marrari “Agur” deitu diote, eta, protagonistok aipatu dutenez, Borja Ayed kidearen omenez jarri diote izena. Mendizale madrildar hori, elur olde baten ondorioz, iragan neguan zendu zen Pirinioetan.

Poutarrek eginiko lanari dagokionez, esan behar dugu 10 luzeko eta 400 metroko bidea atera zaiela. Zabaltzeko estiloari dagokionez, gasteiztarrek behetik hasita zabaldu zuten. Taghian 20 egun egin zituzten, baina denera lau eguneko lana egin behar izan zuten.

Eskalatzaileok onartu dute eguraldiak ez diela batere lagundu: «Euri eta elur asko egin du. Eta kontuan hartu behar da ere, bide berria 2.400 eta 2.800 metroko garaiera artean dagoela. Aterpetxetik paretaren oinarrira hiru ordu genituen, eta lo hormaren sarreran dagoen koba batean egiten genuen».

Bide zaila

Nahiz eta marra samurragoa zabaldu nahi zuten, “Agur” gogorragoa atera zaie: «Klasiko bat ireki nahi genuen; kalitatezkoa eta asko errepikatzeko aterako zena. Baina tarte oso tenteak aurkitu genituen, eta sekzio oso zailak. Kareharriaren kalitatea bikaina baina bikainagoa da. Eta Taghiako estiloa du; hots, teknikoa».

Esan dugu behetik hasita ireki zutela: «Paraboltak jarri ditugu, baina friend eta fisurekoekin babestu behar da norbere burua. Haatik, balizko eroriko luzeak baditu ere, ez da oso arriskutsua. Friendak sartzen ondo moldatu behar da, batez ere, neurri txikikoak».

“Agur”-ek hamar luze ditu eta, poutarrek esan dutenez, zailak dira. Hala eta guztiz ere, oraindik ez dute luze bakoitzaren zailtasuna zehaztu: «Zabaldu bai, baina hura kateatzeko astirik ez dugu izan. Eta horren errua eguraldi gaiztoak izan du. ‘Agur’ biribildu ahal izateko ere komeriak izan genituen; larri-larri bukatu genuen. Bidea irekitzen ari ginen bitartean, luzeak pixka bat probatu genituen. Baina, esan dugun bezala, ez dugu kateatzeko denborarik izan. Aurreratu dezakeguna da bi luze zortzigarren gradukoak direla; bat, 8a zailtasunekoa, eta bestea, 8a/b ingurukoa. Beste luzeak zazpigarren mailakoak dira. Lan horiek bukatzeko, urrian itzuliko gara».