NAIZ+

Gasteizko hamabi gazte sortzaile, dokumental batean protagonista

Maitzaren 30ean, Gasteizko Florida zinemetan aurkeztuko duten ‘Orainaldian: laissez faire’ dokumentalak Gasteizko 12 gazte sortzaileren ibilbideak aletuko ditu.

Gasteizko 12 gazte sortzaile ditu protagonista Gindi Auzmendi, Mikel Buruaga eta Iñaki Landaren ‘Orainaldian: laissez faire’ dokumentalak. Maitzaren 30ean aurkeztuko dute Gasteizko Florida zinemetan.

Orainaldian proiektu esperimentalak hiriko kultur sorkuntzari erreparatzen dio. Gasteizen sortzen ari denari. «Gasteizen artista eta sortzaileen belaunaldi berri bat dagoela ondorioztatu dugu: emakumeen presentzia nabariarekin eta euskalduna den belaunaldia», diote zuzendari lanetan ibilitakoek.

12 dira dokumentalak biltzen dituen protagonistak: Ane Gebara ipuin kontalaria, Mikel "Kttulu" Cosmic Tentacles jaialdiaren sortzailea, Beñat Goitia musikaria, Paul Urkijo eta Izaskun Urkijo zinegile eta arte zuzendaria, Irantzu Lekue artista eta muralista, Iker Fidalgo arte kritikaria, Frik1 eta Ojodekuervo grafitigileak, Gasteizko Hardcore Crew-ko kideak, Lurburu talde artistikoko kideak, Eider Bernaola argazkilaria, Reina Ginolanda idazlea eta Nerea Mauleon ilustratzailea.

Orainaldian proiektuaren ardatza “ni-ni” esamolde ospetsuak estigmatizaturiko belaunaldia da, eta baieztapen hori diskurtso bidez kontrastatzea du helburu. Herritarrentzako bestelako esparru mentala, beste testuinguru batean jartzeko ariketa, kultura oinarri, estigma zaharrei aurre egiteko bestelako ikuspegia.

Sarrerak Hala Bedi Tabernan eta ARTgia-n eskuratu daitezke.