NAIZ

Bilboko eragile anitzek bat egin dute Euskaraldiarekin

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ariketan parte hartzeko deia egin dute Bilboko euskaltzaleek, Udalak eta hainbat eragilek. «Ahobizi» eta «belarriprest» rolak izango dituzte partehartzaileek Euskal Herri osoan antolatuko den Euskaraldian eta azaldu dutenez, auzoz auzo eta sektore ezberdinetan lan batzordeak martxan daude.

Euskaraldiaren aurkezpena Pergolan. (Bilboko Udala)
Euskaraldiaren aurkezpena Pergolan. (Bilboko Udala)

Bilboko euskaltzaleen mugimenduak, Udalak eta hainbat entitatetako ordezkariek agerraldia egin dute Pergolan, bilbotarrak Euskaraldian parte har dezaten deialdia eginez. Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea helburu duen ekimena antolatzeko Bilbon hainbat batzorde eta lan talde martxan daudela azaldu dute bozeramaleek.

Euskal Herri osoan egingo den ariketan Bilbo ere buru-belarri murgilduko dela azpimarratu dute. Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta hiriko Euskaraldiko talde eragileko kide Irati Erkiziak hartu dute hitza agerraldian, eta beraiekin batera, auzoetako batzordeen ordezkaritzan Otxarkoagako Euskaraldiko batzordekide Igor Velezek eta entitateen ordezkaritzan Deustuko unibertsitateko Eleaniztasun zuzendari Sara Muñiozgurenek ere eman dute Euskaraldia antolatzeko Bilbon dagoen dinamikaren berri.

Euskaraldia azaroaren 23 eta abenduaren 3aren artean egingo den ariketa soziala izango da. Euskal Herri osoan batera egingo da, baina herriz-herri antolatzen ari da. «11 egun euskaraz» lelopean antolatzen ari den ariketan, «ahobizi» eta «belarriprest» rolak jokatuko dituzte parte hartzaileek. Horrela, «ahobiziek» 11 egun horietan euskara ulertzeko gai diren guztiei euskaraz zuzentzeko konpromisoa hartuko dute, eta «belarriprestek» euskaldun guztiei adieraziko diete beraiei euskaraz hitz egiteko.

Ariketa honen aurrekariak hainbat herritan antolatu izan dira azken bi urteetan (tartean, Deustun egin zen 2017ko azaro eta abenduan), baina aurtengo udazkenean Euskal Herri osoan aldi berean egingo da, 300 udalerri baino gehiagotan, tartean Bilbon.

Juan Mari Aburto alkateak «euskararen erabileraren bultzadan Bilbok izan behar duen berebiziko rola aldarrikatu» du bere hitzartzean, eta «herritar guztiekiko konpromisoa» agertu du «Bilbo euskara erabiltzeko gero eta leku egokiagoa izan dadin».

«Euskaraldia, ildo horretatik, dugun konpromiso argi-argia da», esan du alkateak. Herritar guztiak «egunero-egunero euskaraz gehiago egiteko» animatu ditu azkenik, «denon artean, Bilbo gero eta euskaldunagoa izatea, lor dezakegulako».

Antolaketa prozesuan Euskaraldiak Bilboko euskaltzaleen indarrak metatu eta batera jokatzeko eman duen aukera azpimarratu du Irati Erkiziak, Bilboko Euskaraldiko talde eragileko kideak.

Antolaketan auzoz-auzoko dinamikak eta hainbat sektoretakoak (hezkuntza, aisialdia, merkataritza, enpresak, konpartsak, euskaltegiak eta beste), Bilboko udalaren babesarekin batera, hiri osora zabaltzeko aukera eskainiko duela nabarmendu du talde eragilearen izenean.

Otxarkoagako Euskaraldiko batzordekide Igor Velezek, ildo beretik, gaur egun Bilboko auzo gehienetan Euskaraldia antolatzeko lantaldeak martxan daudela azaldu du. Auzoz-auzo udazkenean Bilbo osoan eragiteko euskaltzaleak motore garrantzitsu izaten ari direla azpimarratu du.

Deustuko unibertsitateko ordezkari Sara Muñiozgurenek euskararekiko atxikimendua duten entitateei Euskaraldira batzeko deia egin du.

Euskara hitz egin edo ulertzeko gai diren bilbotar guztiak Euskaraldian parte hartzeko deia eginez amaitu da agerraldia. Izan ere, Bilboko Euskaraldiko antolatzaileen hitzetan «asko gara hizkuntza-ohiturak astindu eta euskara gehiagotan erabili nahi dugunok, eta azaroaren 23tik abenduren 3ra kalera aterako gara Bilbo uste baino askoz euskaldunagoa dela erakusteko, elkarrekin lotsak eta aurreiritziak astindu eta ohiturak aldatzea errazagoa delako».