naiz
Donostia

Reyes Carrere izango da EH Bilduren zerrendaburu Donostian 2019ko udal hauteskundeetan

Izenak emateko epea agortuta, hautagai bakarra aurkeztu da eta horren ondorioz, barne araudiari jarraituz, ez da bozketarik egingo eta EH Bilduren Donostiako Hauteskunde Batzordeak Reyes Carrere zerrendaburua izendatu du.

Reyes Carrere dejó de ser la entrenadora del Bera Bera en 2013. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Reyes Carrere dejó de ser la entrenadora del Bera Bera en 2013. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Reyes Carrerere izanen da EH Bilduk Donostian aurkeztuko duen zerrendaburua. Koalizioak jakinarazi duenez, hautagaitzak Donostiako EH Bilduren komunitatea osatzen duten pertsona anitzen abalak jaso ditu, Besteak beste, Amaia Almirall, Juan Karlos Izagirre, Nerea Kortajarena, Josu Ruiz, Ricardo Burutaran, Ainhoa Beola, Jon Albizu, Jon Lasa, Iñigo Balda, Jabier Estebanez, Idoia Trenor, Nora Galparsoro edo Urtzi Urrutikoetxea.

Datozen egunetan aurkezpen publiko bat eginen dute, baina Reyes Carrerek hautagitza «ilusio handiz» onartu duela aurreratu dute. «Erronka berri» baten modura egingo dio aurre. «Donostian gauza asko hobetu behar dira eta donostiarron bizi kalitatea hobetzeko egitasmo asko garatu beharra dago», gehitu du Carrerek. Era berean, «politika egiteko beste era bat, herritarrengandik gertu egiten dena» dagoela nabarmendu du, «benetako arazoak konpontzeko herritarren benetako beharrak ezagutu behar direlako».

Carrere Errenterian hazi da, nahiz eta donostiarra izan jaiotzez eta duela 15 urtetik Donostiara itzuli da, Intxaurrondo auzora. Kirol jokalari eta entrenatzaile profesional ohia da eta, gaur egun, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko zuzendari teknikoa eta Gipuzkoako eta Euskadiko Eskubaloi Federazioetako entrenatzaileen irakaslea.

Bere ibilbide profesionalean, lehendabizi jokalari gisa, eta geroago entrenatzaile eta teknikari karguetan, emakume kirolarien duintasunaren alde borroka egin duela nabarmendu du EH Bilduk, emakume kirolarien profesionalizazioa bultzatzeko proiektuak sustatuz eta haietan parte hartuz.